Itxi

EITB TALDEA

CIRCOM 2023

CIRCOMeko zuzendaritzak Donostia bisitatuko du, 2023an egingo duten biltzarraren egoitza

EITB Media

EITBk antolatuko du datorren urtean Kursaal Jauregian izango den biltzarra. Bertan, telebista publiko europarretako 250etik gora ordezkari bilduko dira.

  • 2023an Donostian egingo den CIRCOMeko 39. konferentziaren irudia

    2023an Donostian egingo den CIRCOMeko 39. konferentziaren irudia

CIRCOM, Europako hedabide publikoen eskualdeko elkartearen batzorde Betearazlea eta Europarra, Donostian izango da azaroaren 18an eta 19an. Donostia izango da, hain zuzen ere, 2023an egingo duten urteroko eskualde konferentziaren egoitza. Bisitan, CIRCOMeko zuzendaritza organoek barne lan-bilerak egingo dituzte Kursaal Jauregian, eta baita EITBk 2023ko ekainaren 1ean eta 2an Donostian antolatuko duen 39. konferentziaren prestaketa lanak ere.

Europako ikus-entzunezko sare bakarra da CIRCOM, eta bere helburua da kideen arteko lankidetza sustatzea eta garatzea, programak elkarrekin ekoiztea eta trukatzea, eta kazetarien eta teknikarien lanbide heziketa indartzea Europa osoan. EITBk maiatzean Galwayn (Irlanda) egin zen CIRCOMen konferentzian parte hartu zuen, eta balio eta helburu horiek partekatzen ditu.

Euskadira egindako bisitan, Eivind Undrum Jacobsen, Norvegiako NRK telebistako zuzendaritzako kidea, buru duen CIRCOMeko Batzorde Betearazlea hartuko du Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak (CIRCOMeko Batzorde Betearazleko presidenteordea ere bada).

Ostiralean, hilak 18, goizean, CIRCOMeko Batzorde Betearazlea Kursaal Jauregian bilduko da, eta arratsaldean, Tabakalerako kultur zentrora joango da. Bertan, Edurne Ormazabal zuzendariarekin, bisita gidatua izango dute.

Larunbatean, Europako Batzordeko kideek, Batzorde Betearazlea ere barne duenak, egingo du lan-saioa Kursaalen.

Kongresua eta Prix CIRCOM Erregionala

Kazetaritzarekin, eraldaketa digitalarekin, zerbitzu publikoarekin edo publiko gazteenengana hurbiltzearekin zerikusia duten gai giltzarriak eta aktualitatezkoak jorratzen dituen urteroko biltzarrean, Prix CIRCOM Regional sariak banatzen dira. Aurten, hain zuzen ere, ETBko bi saiok, "Abiapuntua"k eta "Aquí y Ahora"k, sari bana jaso dute Europako epaimahaiaren eskutik.