Itxi

EITB TALDEA

Durangoko Azoka 2022

"Artxipelagoa" podcastaren bigarren denboraldiaren aurrestreinaldia egingo du EITBk Durangoko Azokan

Irudienean izango da, abenduaren 9an, 11:00etan, eta Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy eta Iñaki Beraetxe aktoreak egongo dira aurkezpenean. Urtero bezala, EITBren medioek jarraipen berezia egingo diote Durangoko Azokaren 57. edizioari.

  • 2022ko Durangoko Azokako kartela

    2022ko Durangoko Azokako kartela

Asteazken honetan, abenduak 7, abiatuko da 2022ko Durangoko Azoka, eztanDA! lelopean, eta abenduaren 11ra bitartean egingo da 57. edizio hau, ohiko formatua berreskuratuta. Bertan, EITBk presentzia zabala izango du beste behin ere, eta, besteak beste, EITBPodkast plataformaren "Artxipelagoa" podcastaren bigarren denboraldiaren aurrestreinaldia egingo du Durangoko Azokako programazioaren eskutik. Irudienean izango da, abenduaren 9an, 11:00etan. Horrez gain, gune berezia izango du EITBk Landako Gunearen kanpoaldean, eta argazki saioak hartuko ditu espazio horrek lau egunez: "Irabazi Arte!", "Go!azen" eta "3 Ene Kantak" saioetako hainbat aktore eta pertsonaia bertan izango dira, etxeko txiki eta gaztetxoekin egoteko. Ohi bezala, nola ez, arreta berezia jarriko diote EITBko medioek Durangoko Azokak ematen duen guztiari.

"Artxipelagoa" podcastaren bigarren denboraldiaren aurrestreinaldia

EITBk "Artxipelagoa" podcastaren bigarren denboraldia aurkeztuko du Durangoko Azokako Irudienea gunearen egitarauaren baitan. Hitzordua abenduaren 9an izango da, Zugaza zineman, 11:00etan.

Aurkezpenean Maite Goñi EITB Mediako Audio eta Digitaleko zuzendaria eta Ainhoa Etxebeste EITBPodkast proiektuaren arduraduna izango dira, eta baita aktore lanetan aritu diren Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy eta Iñaki Beraetxe ere. Halaber, hitza hartuko dute Oier Aranzabal eta Juan G. Andres zuzendariek, eta bigarren denboraldiaren ekoizpenak utzitako esperientziaren berri emango dute.

Gainera, bigarren denboraldiaren lehen atalaren entzunaldiaren ostean, EITBLabeko Itxaso Martinek "Artxipelagoa" fikzioaren lehen denboraldiko komiki interaktiboa aurkeztuko du. Xabier Etxeberria gidoilaria eta Alex San Vicente ilustratzailea lagun dituela, euskarazko podcastaren inguruan sortutako app bereziaren zehaztasunak emango ditu.

Argazki saioak "Irabazi Arte!", "Go!azen" eta "3 Ene Kantak" saioetako hainbat protagonistarekin

Landako Gunearen kanpoaldean, berriz, EITBren Gunea kokatuko da, eta "Irabazi Arte!, "Go!azen" eta "3 Ene Kantak" saioetako hainbat aktore eta pertsonaiarekin argazkiak ateratzeko aukera egongo da bertan, lau egunez.

Hala, abenduaren 7an, asteazkenean, "Irabazi Arte!" telesaileko Arene (Sua Enparantza) eta Norarekin (Nahia Sillero) argazkiak atera ahalko dituzte jarraitzeek, 16:00etatik 19:00etara.

Abenduaren 8an, berriz, bi hitzordu izango ditugu: "3 Ene Kantak" saioko Argi eta Mintxo goizez izango dira EITB gunean, 11:00etatik 13:00etara; arratsaldean, berriz,  "Go!azen"eko bi aktore hurbilduko dira jarraitzaileekin argazkiak ateratzera: Gontzal (Kimetz Etxabe) eta Iraia (Malen Azpirotz). 16:00etatik 19:00etara izango da "Go!azen"en argazki saioa.

Ostiralean, abenduak 9, berriz ere "Go!azen"en txanda izango da, oraingoan ere 16:00etatik 19:00etara. Alain (Eleder Iglesias) eta Iraia (Malen Azpirotz) izango ditugu EITB gunean.

Azkenik, abenduaren 10ean, larunbatean, berriz ere goiz eta arratsaldeko txandak izango ditugu: "3 Ene Kantak" saioko Argi eta Astonauta goizez izango dira EITB gunean, 11:00etatik 13:00etara; eta arratsaldez, berriz, "Irabazi Arte!" telesaileko aktoreekin itxiko ditu EITBk Durangoko Azokako argazki saioak: Olatz (Ainhoa Azpitartea) eta Gorka (Ander Rovira) Durangon izango ditugu, 16:00etatik 19:00etara.

Durangoko Azokari arreta berezia eskainiko dio beste behin EITBk

Bi urte bereziren ostean, euskal kulturaren epizentro bilakatuko da berriz ere Durangoko Azoka, sortzaileak eta publikoa elkartuta. Egunez-egun azokak ematen duenaren jarraipena egingo dute EITBko hedabideek albistegietan eta programetan, zuzeneko konexio, elkarrizketa eta erreportaje berezien bitartez.

Abenduaren 9an, hiru kultur saio egingo dira azokako gunetik: Euskadi Irratiko "Kultur Leihoa" eta Radio Euskadiko "Kultura.eus" eguerdi partean, eta ETB1eko "Hitzokei" bazkal ostean. Radio Euskadiko "Distrito Euskadi"ko lehen ordua ere bertatik egingo dute.

eitb.eus webgunean atari berezi batean bilduko ditu Durangoko Azokaren inguruko eduki guztiak. Bertan, zuzenean jarraitu ahal izango dira Ahotseneako kontzertuak. Bestalde, Azokan gertatzen den guztiaren jarraipen zehatza egingo du EITBk sare sozialen bitartez (Instagram, Facebook, Twitter, Tik Tok...). EITBlive Instagrameko perfil berria erabiliko dute jarraipena egiteko; ekimen berezietan EITBk izango duen parte hartzea erakusteko perfila. Bertan, eduki gehigarriak erakutsiko dituzte, egingo den guztiari tokia emateaz gain.  

Azkenik, Durangoko Azokaren azken egunean, "Dailobit" saio berezia izango dugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Euskaraldiak utzitako aje gozoaren ondoren, Durangoko Azokan murgilduko dira Leire Palacios eta Alessandro Ruta. Azokaren tripak ezagutu dituzte, prestaketa lanak, artisten sentsazioak, baita  bertara gerturatzen den publiko anitzarena ere.

Faktoriako geziak liburua, Durangoko Azokan

Bestalde, Adolfo Arejitaren Faktoriako geziak izeneko liburua izango da aurtengo Durangoko Azokako eskaintzen artean. Egungo gizarte-kontzeptu berriak euskaraz nola eman aztertzen du lanak, Arejitak berak Euskadi Irratiko "Faktoria" irratsaioan egindako kolaborazioak abiapuntutzat hartuta. EITBren laguntzarekin kaleratutako liburua da.