Itxi

EITB TALDEA

EITBPodkast

"Artxipelagoa" audio fikzioaren bigarren denboraldia, EITBPodkast atarian

EITB Media

Durangoko Azokan egin da aurkezpena eta bertan egon dira: Maite Goñi eta Ainhoa Etxebeste EITBren ordezkari gisa; aktore lanetan aritu diren Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy eta Iñaki Beraetxe; eta Oier Aranzabal eta Juan G. Andres proiektuaren zuzendariak.

  • "Artxipelagoa" soinu fikzioaren 2. denboraldiaren aurkezpena Durangoko Azokan

    "Artxipelagoa" soinu fikzioaren 2. denboraldiaren aurkezpena Durangoko Azokan. EITB Media

Astelehenetik (abenduak 12) aurrera, "Artxipelagoa" audio fikzio serie apokaliptikoaren bigarren denboraldia entzungai dugu EITBPodkast atarian. Ekoizpenaren aurkezpen eta aurrestreinaldia Durangoko Azokako Irudienea gunean egin du EITBk gaur (abenduak 9).  

Aurkezpenean, aktore lanetan aritu diren Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy eta Iñaki Beraetxe egon dira. Eurekin batera, Maite Goñi EITB Mediako Audio eta Digital zuzendaria eta Ainhoa Etxebeste EITBPodkast proiektuaren arduraduna. Halaber, hitza hartu dute, Oier Aranzabal eta Juan G. Andres zuzendariek, eta bigarren denboraldiaren ekoizpenak utzitako esperientziaren berri eman dute. 

Gainera, bigarren denboraldiaren lehen atalaren entzunaldiaren ostean, EITBLabeko Itxaso Martinek "Artxipelagoa" fikzioaren lehen denboraldian oinarritutako komiki interaktiboa aurkeztu du. Xabier Etxeberria gidoilaria eta Alex San Vicente ilustratzailea lagun dituela, euskarazko podcastaren inguruan sortutako app bereziaren zehaztasunak eman ditu. 

"Artxipelagoa"ren bigarren denboraldiaren  

"Klima aldaketaren ondorioz, izan diren hondamendiek artxipelago bihurtu dute gure lurraldea. 2103garren urtea da. Itsas maila mundu osoan kolpera igo ostean, ordena geopolitikoa ere aldatu egin da. Gure inguruan, Ipar Afrikako Lida da boteretsuena, Alpeetan gotortuta dagoen germaniar konfederazioarekin lehia estuan. Euskal Artxipelagoak neutral jokatu nahi izan du, merkatu harremanak indartuz, burujabe izaten jarraitzeko. Ipar Afrikako Ligak, Barra setiatuz, Euskal Artxipelagoa bere mendean hartu nahi du ordea. Piratek Jare bahitu dute eta beste europar potentziari, germaniarrei, saldu nahi diote". 

Hau da "Artxipelagoa" audio fikzioaren bigarren denboraldiaren abiapuntua. Bertan, Aitziber Garmendia eta Eneko Sagardoy aktoreek jarri diete ahotsa bi pertsonaia nagusiei: Jare eta Iker. Aitorren paperean Iñaki Beraetxe aritu da eta Itziar Ituñoren ahotsak gorpuztuko du Olatz pertsonaia berria. Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kide gehiagok ere parte hartuko dute, hala nola, Sara Cozarrek ete Klara Badiolak. Anartz Zuazuak gidatu du aktoreen lana. 

Iñaki Beraetxe, Aitziber Garmendia eta Eneko Sagardoy

Iñaki Beraetxe, Aitziber Garmendia eta Eneko Sagardoy

Oier Aranzabal eta Juan G. Andres dira ekoizpenaren zuzendariak, eta Xabier eta Martin Etxeberriak idatzi dituzte gidoiak. Grabazioak Xanti Salvador eta Koldo Corellaren estudioan egin dira eta Ulu Mediaren estudioan amaitu. Irudiak Xabier Sagastarenak dira eta Rafa Ruedarena, berriz, soinu banda originala. 

Argia saria 

"Artxipelagoa"ren lehenengo denboraldia 2021eko irailean estreinatu zen eta harrera bikaina izan zuen entzuleen aldetik. Ibilbide arrakastatsu horri esker, euskarazko podcast entzunena bilakatu zen. Gainera, 2022ko Irratiaren Argia Saria eskuratu zuen. 

Ulu Mediak EITBPodkast plataformarako egindako ekoizpenaren berrikuntza nagusia da teknologia binaurala erabili duela. Horri esker, entzulea ekintza gertatzen den espazioan kokatzen da, soinuz inguratuta, esperientzia murgiltzaile bihurtuz. 5.1 audioan nahastu eta zinema batean estreinatutako lehenengo audio fikzioa izan zen