Itxi

EITB TALDEA

San Sebastian eguna

Donostiako eta Azpeitiko danborradak, zuzenean, EITBko hedabide eta euskarrietan

EITB Media

Gaur, 22:30ean hasiko da ETB1eko saio berezia, Nerea Aliasek eta Egoitz Txurrukak aurkeztuta. Imanol Artolak egingo du Donostiako kontakizuna, eta Izaro Iraetak eta Migel Zendoiak Azpeitikoa.

0:31
Emanaldiaren irudi bat, EITB Mediako bideo batetik ateratakoa

San Sebastian egunean Donostiako eta Azpeitiko kaleak danbor hotsez beteko dira berriz ere, eta EITBko hedabideak horren lekuko izango dira. Gaur gauean, 22:30ean hasiko da ETB1en eta eitb.eus-en "Danborrada Gaua" saio berezia, Nerea Aliasek eta Egoitz Txurrukak aurkeztuta. Imanol Artolak egingo du Donostiako danborradaren kontakizuna, eta Izaro Iraetak eta Migel Zendoiak Azpeitikoa. Gauerdia iritsi bitartean, Konstituzio plazan bizi den giroa azalduko digu une oro Egoitz Txurrukak. Bien bitartean, Nerea Alias elkarte gastronomikoetan barrena ibiliko da, San Sebastian bezperako menuak nola prestatu eta dastatu dituzten erakusten. Gaztelubide konpainiak jaiari hasiera eman aurretik, zuzenean hitz egingo dute Eneko Goia alkatearekin eta jaiarekin lotutako hainbat erreportaje eskainiko dituzte. 

Ostiralean, Donostiako Haur Danborradaren zuzeneko kontakizuna egingo dute Imanol Artolak eta Marta Elvirak 11:50etik aurrera. Emanaldian ikusiko ditugu ikastetxeetako konpainiak Alderdi Ederretik nola abiatzen diren, eta udaletxeko balkoitik danbor nagusiak eta alkateak herritarrei zabalduko dieten mezua.

Irudia: 2020ko Donostiako haurren danborrada. EFE

Irudia: 2020ko Donostiako haurren danborrada. EFE

Gauean, 23:30ean hasiko da San Sebastian egunari amaiera emango dion ekitaldia jasoko duen saio berezia, Nerea Aliasek eta Imanol Artolak gidatuta. Ordura arte egunak eman duen guztiaren errepasoa egiteaz gain, zuzeneko konexioak egingo dituzte. Union Artesanako danborrariekin batera oholtza gainean izango diren Goizaldi dantza taldeko kideekin mintzatuko da Nerea, euren 75. urteurrenaz. 

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik gauerdiko albiste buletinaren barruan eskainiko dute Bandera Igoera ostegunean eta Bandera Jaitsiera ostiralean. Emankizunok eitb.eus-en eta EITB Albisteak eta EITB Nahieran appetan ere jarraitu ahal izango dira. 

San Sebastian eguneko albiste, argazki, bideo eta bestelako edukiak eitb.eus-eko atari berezian bilduko dira. Halaber, Euskal Herriko txoko ezberdinetan jaia nola ospatu duten berri emango dute EITBko hedabideek albistegi eta programetan. 

Danborradaren esperientzia 360 gradutan 

Danborrada barrutik bizitzeko aukera ematen duten 360 graduko grabaketarako lau kamera berezi jarriko ditu EITBk oholtzan eta inguruetan. Biharamunean, era berezi horretan grabatutako hainbat martxa eskainiko dira EITBren YouTubeko kanalean. Era horretan, danborradaren esperientzian murgiltzeko aukera eskainiko zaie bertan egon zirenei eta egoterik izan ez zutenei. Lantalde berezi bat arduratuko da prestaketaz, grabazioaz eta formatu berritzaile horrek eskatzen duen post-produkzioaz.