Itxi

EITB TALDEA

Formatu berritzailea

'Review: Aita Mari'ren estreinaldia, EITBren YouTube kanalean

EITB Media

Proiektuak ikus-entzunezko zortzi pieza ditu: bost gaztelaniaz eta hiru euskaraz. 20:00etan izango da estreinaldia euskaraz; eta 20:45ean, berriz, gaztelaniaz. Asteazken honetan egin da aurrestreinaldia EITBren egoitzan.

  • Estreinaldia urtarrilaren 26an

    Estreinaldia urtarrilaren 26an

EITBk Review formatu berritzailea jarri du martxan. Asier Sánchez EITBko kazetariak sortu eta zuzendutako egitasmoa da, eta gaurkotasuna kontatzeko modu berritzaile bat proposatzen du, Europa mailan aitzindari. Edukiok plataforma anitzetan zabalduko dira, eta lehen sorta honek Mediterraneo erdialdeko migrazio-krisia jorratuko du, "Review: Aita Mari" izenarekin. Ikus-entzunezko zortzi pieza dira: bost gaztelaniaz eta hiru euskaraz.

Asteazken honetan egin da aurrestreinaldia, EITBren BIlboko egoitzan; eta ostegun honetan bertan estreinatuko dira EITBren YouTubeko kanalean. 20:00etan euskaraz eta 20:45ean gaztelaniaz. Pieza guztiak bertan izango dira ikusgai, baita www.eitb.eus/review webgunean eta EITB Nahieran-en ere.

Aita Mari itsas salbamenduko ontzian bizitako 19 eguneko esperientziari heldu dio berriz ere kazetariak. Esperientzia hura modu tradizionalean landu eta kontatu zen telebistako eta irratiko albistegietan; orain, mugikorrarekin grabatutako materiala berreskuratu du Asier Sánchezek, eta kontakizun hori berriz jorratu du, lengoaia eta estetika digitalera egokitzeko. Informazio-kontakizuna plataforma anitzeko formatura eramango du lehen aldiz.

Jada ikusgai dugu trailerra.

Ikus-entzunezko piezekin batera, sare sozialetarako eduki bereziak izango dira, komunikatzeko eta elkarrizketa sortzeko modu berriak bilatuz. #ReviewAitaMari hashtag-a erabiliko da sare sozialetan.

Otsailean iritsiko da edukia ETB1era eta ETB2ra.

EITBko informazio zerbitzuek bultzatutako proiektua da Review, ikus-entzunezko taldearen apustu sendoa eduki digitalak eta informazio-kontakizuna gazteei eta formatu berriei egokitu eta bideratzeko, kontuan izanda publiko horrek Internet eta sare sozialak informazio-iturri nagusi gisa erabiltzen dituztela.

"Aita Mari"

Aita Mari ontzian bizitako erreskate misio hartatik hainbat hilabetera, Asier Sanchez kazetaria berriz ere elkartu da ontziko tripulazioarekin eta bertako osasun-langileekin, eta baita Mediterraneoko uretan erreskatatu zituzten errefuxiatuetako batzuekin ere. Itsaso zabalean elkarrekin bizi izan zutena gogoratuko du, eta bertatik bertara kontatuko digu gaur egun non eta nola bizi diren. Libiako kostaldetik ihes egindako errefuxiatu haiek azkenean iritsi al ziren Europan zuten helmugara? Bidaia bera egingo al lukete berriro? Bizi izandako guztiak merezi izan al du?

Gaur egungo irudiak eta Aita Mari ontzian grabatutakoak tartekatuz, Asier Sanchezek Mediterraneoko migrazioaren errealitatearen berri emango digu, hurbileko eta egungo ikuspegi batetik, Europako mugetan urtero milaka hildako uzten dituen krisi humanitarioaren datuak eta protagonistak ikus-entzuleengana hurbiltzeko.

Asier Sánchez

Asier Sánchez

Aurrestreinaldia EITBren egoitzan

Aurrestreinaldia asteazkenean egin da, EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Formatu berri hau Arantza Ruiz EITB Mediako albistegietako zuzendariak aurkeztu du, Asier Sanchezekin batera. Gainera, proiekzioaren ondoren, mahai-inguru bat egin da gaia jorratzeko, eta aurrestreinaldia dela-eta, egoitzan migrazio-krisiari buruzko erakusketa bat jarri du EITBk, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEarekin lankidetzan

Ekitaldian migrazioaren eta lankidetzaren arloko erakunde eta elkarteetako ordezkariak izan dira, bai eta komunikazio eta kazetaritza arloko elkarte eta fakultateetako kideak ere. Kulturaren eta gizartearen munduko izen propioak ere ez dira falta izan, tartean Itziar Ituño aktorea, Ingot bere taldeak Aita Mariren inguruan egindako bideoklipa aurkeztu baitu ekitaldian.

Review-ren edukiak

Youtube: youtube.com

Instagram: @asiersangar
Instagram: @eitb

Tik Tok: @asiersangar
Tik Tok: @eitbeus

facebook.com/eitb

Twitter: @eitbofiziala

eitb.eus/eu/albisteak/review

EITB Nahieran (urtarrilaren 26tik aurrera)

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea