Itxi

EITB TALDEA

Herri Kirolak

Harri-jasotzea oinarri duen "Harri Herri" txapelketa berria, gaurtik aurrera, EITBn

EITB Media

16 gizonezkok eta 12 emakumezkok hartuko dute parte, eta launa talde lehiatuko dira gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Harri-jasotzaile bakoitzak harri bakarrarekin lan egingo du eta denbora irabazi. Ondoren, harri baldarrari aurre egin beharko dio talde bakoitzak denbora horrekin.

  • "Harri Herri"

    "Harri Herri"

"Harri Herri" herri kirol programa berritzailea estreinatuko du EITBk gaur gauean, martxoak 27. Harri-jasotzea oinarri duen txapelketa berria izango da, eta ETB1en eta eitb.eus-en eskainiko da, astelehen gauetan, 22:30ean.

28 harri-jasotzailek hartuko dute bertan parte, 16 gizonezkok eta 12 emakumezkok; eta launa taldetan lehiatuko dira, lau gizonezkoetan eta lau emakumezkoetan. Talde bakoitzak talde-buru edo kapitain bana izango du: Luis Mari Telleria, Izeta II.a, Joseba Ostolaza eta Zelai II.a; eta aurkezleak, berriz, Juanan Legorburu eta Ane Muruamendiaraz kazetariak eta Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohia izango dira. Hiru saio emango dira guztira, bi finalerdi eta finala; eta Abadiñoko probalekuan grabatu dira probak.

Harri Herri

"Harri Herri"

Harriak eta txapelketaren dinamika

Harri jasotzaile bakoitzak harri bakarrarekin lan egingo du eta denbora jakin bat izango du horretarako. Gizonak lau harrirekin arituko dira eta emakumeak, berriz, hirurekin. Gizonezkoen harriak honako hauek dira: 200 kiloko koadroa, 137,5 kiloko kubikoa, 125 kiloko kopa eta 100 kiloko bola. Emakumezkoen hiru harriak berriz, hauek: 88 kiloko koadroa, 63 kiloko zilindro zaharra eta 50 kiloko bola.

Harri-jasotzaileak

Harri-jasotzaileak

Txandaka lehiatuko dira harri bakoitzarekin. Gizonezkoek 10 minutu izango dituzte lau harriekin lanean aritzeko; emakumezkoek, berriz, 6 minutu hiru harrientzat. Jasoaldi bakoitza denborarekin sarituko da; hartara, talde bakoitzak denbora-altxorra lortuko du.
Harri-jasotzaileak

Harri-jasotzaileak

Zertarako denbora-altxor hori? Finalaurreko bakoitzean final moduko bat jokatuko dutelako harri berezi batekin: txapelketa honetarako espreski aurkitutako harri baldar zail bat. Harri hori aurretik ikusi gabea izango dute, eta talde bakoitzak harri baldar baten izena izango du: Albizuri, Igeldo, Etxauri, Laukariz, Mollarri, Ibiur, Ergobia eta Ulia.

Harri-jasotzaileak

Harri-jasotzaileak

Talde bakoitzak aurretik irabazi duen denbora-altxorra izango du harri baldarra jasotzen saiatzeko. Harria jasotzen duenak edo gehien jasotzen duenak irabaziko du finalaurrekoa. Inork jasoko ez balu, aurreko lau harriekin denbora gehiago batu duen taldea sailkatuko da finalerako.

Harri-jasotzaileak

Harri-jasotzaileak

Talde bakoitzeko kideek erabakiko dute zein harri jasotzailek helduko dion baldarrari. Saiatu eta jaso ezin duela ikusten badu (erlojua geratu gabe) bere taldeko beste kide bati emango dio txanda (bakarrari).

Talde buruak

Talde buruak

Arautegiaren arabera, harria ikusi eta ukitu dezakete aurretik, baina jaso ez. Harri jasotzaileak eta harri jartzaileak eskuak garbituta plazaratuko dira, eta itsaski eta gomarik ez dute izango soinean. Igeldoko Harrian bakarren batzuk erabili zituzten galtzak ontzat emango dira.

Harrijasotzaileak

Harri-jasotzaileak eta talde-buruak

Saioaren aurkezpena      

Martxoaren 7an aurkeztu zuen saioa EITBk Abadiñoko probalekuan bertan. Ekitaldian izan ziren Mikel Garaizabal Abadiñoko alkatea, Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria eta saioko talde bakoitzeko kapitain edo talde buruak: Luis Mari Telleria, Izeta II.a, Joseba Ostolaza eta Zelai II.a. Horrez gain, Luis Mari Bengoa Egur Sport enpresako arduraduna eta Igor Duñabeitia Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko presidentea egon ziren bertan.  

Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak aurkezpenean azpimarratu zuenez, "herri-kirolak gure nortasunaren parte dira, baina probaleku hau bezalako espazioak behar ditu ikuskizunak bizirik eta gure kirol-agendan presente jarrai dezan". "Gainera, ETBk bultzatutako hau bezalako programak behar ditu, publiko zabalarengana eta gure kirol tradizionalekin hunkitzen jarraituko duten publiko berriengana iristeko", gaineratu zuen.

Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendariak ere herri kirolen eta bereziki harriaren munduko pertsona, elkarte eta "izateko erak" nabarmendu zituen. "Familia, talde-lana, esfortzua eta ilusioa. Lau kontzeptu hauek gabe nekez ezagutu daiteke herri kirol unibertsoa", adierazi zuen EITBko Kirol zuzendariak. "Hemen ere balio hauek ikusgai izango dira", aurreratu zuen Urkiolak "Harri Herri" saio berria hizpide. "Harria hartu dugu komunikazio tresna, herri honetan kirol honek daukan garrantzia adierazteko nahi eta gogoz. Harriaren unibertsoa etengabeko eboluzioan dago, aldaketa konstantean; eta hori islatu nahi izan dugu", azaldu zuen. "Herri kirolen inflexio puntu izatea du xede eta helburu saioak", gaineratu zuen. Probalekuak hartutako itxura eta Abadiñoko Udalarekin egindako elkarlanaren garrantzia azpimarratu zituen eta, emakumeek saioan duten presentzia ere nabarmendu. "28 kirolari eta horietako 12 emakumeak. Benetan berri ona", esan zuen.

Aurkezpena

Aurkezpena

GIZONEZKOEN TALDEAK

ALBIZURI / Talde-burua: Luis Mari Telleria (Urtzi Telleria)
Harri-jasotzaileak:
Aimar Irigoien: 200 kiloko koadroa
Hodei Iruretagoeina: 137,5 kiloko kubiko
Beñat Telleria: 125 kiloko kopa
Andoni Iruretagoeina: 100 kiloko bola

____________

ETXAURI / Talde-burua:  Joseba Ostolaza (Imanol Illarramendi)

Harri-jasotzaileak:
Jokin Eizmendi: 200 kiloko koadroa
Aimar Galarraga: 137,5 kiloko kubikoa
Imanol Royo: 125 kiloko kopa
Paulo Azpiazu: 100 kiloko kopa

____________

IGELDO / Talde burua:  Izeta II.a (Izeta III.a)

Harri jasotzaileak:
Iñigo Eizagirre: 200 kiloko koadroa
Gari Garmendia: 137, 5 kiloko kubikoa                                                         
Claudi Bazga 'Claudi': 125 kiloko kopa
Iraitz Arruti: 100 kiloko kopa
____________

LAUKARIZ / Talde-burua: Zelai II.a (Zelai V.a)

Harri-jasotzaileak: 
Xabier Aranburu: 200 kiloko koadroa
Jon Unanue: 137, 5 kiloko kubikoa
Xabat Olaizola: 125 kiloko kopa
Gorka Etxeberria: 100 kiloko bola   

                                                    

EMAKUMEZKOEN TALDEAK

MOLLARRI / Talde-burua: Izeta II.a (Izeta III.a)

Harri-jasotzaileak:
Lur Errekondo: 88 kiloko koadroa
Maddi Gesalaga 63 kiloko zilindro zaharra
Nerea Arruti: 50 kiloko bola

____________

IBIUR / Talde-burua: Luis Mari Telleria (Urtzi Telleria)

Harri-jasotzaileak:
Aroa Sanchez: 88 kiloko koadroa
Ainitze Zumeta: 63 kiloko zilindro zaharra
Amalur Arbelaitz: 50 kiloko bola

____________

ERGOBIA / Talde-burua: Zelai II.a (Zelai V.a)

Harri-jasotzaileak:
Karmele Gisasola: 88 kiloko koadroa
Lierni Osa: 63 kiloko zilindro zaharra
Garazi Arruti: 50 kiloko bola

____________

ULIA / Talde-burua: Joseba Ostolaza (Imanol Illarramendi)

Harri-jasotzaileak:
Udane Ostolaza: 88 kiloko koadroa
Patricia Martin: 63 kiloko zilindro zaharra
Olaia Esnaola: 50 kiloko bola