Itxi

EITB TALDEA

Martxoaren 22tik 24ra

Tourraren atzera kontaketaren jarraipen zabala, EITBko hedabide zein euskarrietan

EITB Media

Tourra hasteko 100 egun falta direla ospatzeko, Grand Départ Pays Basque 2023k ekitaldi herrikoiak antolatu ditu Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Horien berri emateaz gain, eduki bereziak jorratuko dira EITBn.

  • Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko da aurten. Argazkia: Grand Départ Pays Basque.

    Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko da aurten. Argazkia: Grand Départ Pays Basque.

Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta direla gogoratzeko, ekitaldi herrikoiak izango dira martxoaren 22tik 24ra bitartean Euskal Herrian, Gran Départ Pays Basque 2023k antolatuta. Horiei jarraipen berezia egingo die EITBk datozen egunetan, eta txirrindularitzarekin lotutako edukiak jorratuko ditu hedabide eta euskarri guztietan. EITB Taldea media partner izango da Frantziako lasterketak Euskal Herrian egingo dituen hiru etapetako. 

ETBko albistegietan, ekitaldi berezien jarraipenarekin batera, Xabier Usabiagak aurkeztutako erreportajeak eskainiko dira. Haietan, euskal hiriburuek bizikletei tokia egiteko izan duten prestakuntza aztertuko dute, eta bizikleten eboluzioaz ere arituko dira, erreportaje zein ikerketa horiei gizarte ikuspegi bat erantsiz. 

Asteazkenean, Iñaki Guridik Euskadi Irratian gidatzen duen "Albiste Faktoria" kalera atera da, bidaia askoren abiapuntua eta helmuga den Termibusen atarira, hain zuzen ere. Marino Lejarreta eta Eider Merino txirrindulariak bertan izan dira haien aditu ikuspegia gehituz, eta Tourraren abiatzea koordinatzen ari den Bilbao Ekintzako Xabier Otxandiano gonbidatuarekin hitz egin dute. Horrez gain, bizikletaren industrian fokua jarri eta txirrindularitza elkarte eta federazioek Tourraren etorrera nola bizi duten ezagutuko aukera izan da. 

"Radio Vitoria Gaur" irratsaioa Prado eta General Loma kaleek bat egiten duten lekutik eskaini da ostegunean, Aratz Goikoetxearen eskutik. Txirrindularitzako pertsonaia mitikoak bildu dituzte mikrofono aurrean, eta hurbildu nahi duten entzule eta zale guztiekin familia argazkia egiteko aukera izan da. 

Iluntze partean, Baskoniak Belgraden jokatuko duen Euroligako partidaren emanaldian zuzeneko konexioak  tartekatuko dira, Andre Maria Zuriaren plazan egingo den argi eta soinu ekitaldiaren berri emateko. 

Radio Euskadiko "Boulevard" irratsaioa, asteazkenean, Tourra igaroko den gune nagusietan izan da eta protagonistetako batzuekin hitz egiteko aukera izan dute. Ostegunean, berriz, Bingen Zupiria Kultura sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea elkartu dituzte uztailean Euskadin abiatuko den lasterketari buruz hitz egiteko.