Itxi

EITB TALDEA

Audientziak

EITBko irratiak liderrak dira Euskadin eta goranzko joerarekin jarraitzen dute, CIESen arabera

EITB Media

Milioi erdi entzule baino gehiago dituzte. Bestalde, ETB2 da Euskadiko telebista kanalik ikusiena, 456.000 ikus-entzulerekin. Guztira, 1.177.000 ikus-entzule EITBrentzat, hedabideak dituen Euskadiko ikus-entzunezko talde liderrarentzat.

  • EITBko irratien irudia

    EITBko irratien irudia

EITBko irratien audientziak goranzko joera erakutsi du, ostegun honetan (maiatzak 25) argitaratu diren CIES ikerketaren azken datuen arabera. Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta EITB Musikak 501.000 entzule lortu dituzte astelehenetik ostiralera, Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan, eta % 6,1 hazi dira aurreko neurketarekin alderatuta.

Halaber, EITBko irrati taldeak lidergoari eutsi dio Euskadin, eta euskaldunen lehen aukera da hurrengo taldeak baino 54.000 entzule gehiagorekin.

Nabarmena izan da Euskadi Irratiaren audientziak izan duen hazkundea: 149.000 entzule lortu ditu astelehenetik ostiralera eta Gipuzkoan lider da. Gazteak 105.000 entzule kopuru nabarmena eskuratu du, eta EITB Musikak 29.000 entzule izan ditu Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan.

Radio Euskadi, bestalde,  EITB taldeko irrati liderra da eta 189.000 entzule ditu astelehenetik ostiralera. Radio Vitoriarekin batera, 200.000 entzuleren langa aise gainditu du Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Zehazki, Radio Vitoriak, Arabako erreferentziazko irratiak, 29.000 entzule ditu.

1.177.000 ikus-entzule, EITB taldearentzat.

Telebistari dagokionez, 676.000 ikus-entzule dituzte bataz beste, astegunetan, ETBko kanalek. ETB2k, Euskadiko telebista kanalik ikusienak, 456.000 ikus-entzule ditu eta ETB1ek 179.000. Hedabideak dituen ikus-entzunezko talde liderra EITB Euskadin; guztira, 1.177.000 ikus-entzule ditu, astelehenetik ostiralera, telebistan eta irratian.

CIES azterlanak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako komunikabideen kontsumoa aztertzen du duela ia 40 urtetik, eta urtean bi neurketa-olatu egiten ditu. Estudio General de Mediosekin (EGM) batera, irrati-kontsumoak ezagutzeko erreferente nagusia izateaz gain, telebista-audientziak ere neurtzen ditu, besteak beste.