Itxi

EITB TALDEA

EITB Pilotaren Etxea

Altuna III vs Elordi Buruz Buruko final handia, gaur, EITBko kanaletan

EITB Media

40 profesional inguruk osatutako giza talde bat arduratuko da pilotaren zirrara eta ikusgarritasuna ikus-entzuleei helarazteaz ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta eitb.eus-en.

  • Altuna III vs Elordi Buruz Buruko final handia, igandean, EITBko kanaletan

    Altuna III vs Elordi Buruz Buruko final handia, igandean, EITBko kanaletan

Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko dute gaur Jokin Altunak eta Aitor Elordik Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta bertan izango da EITB, ikuskizun handia jarraitzen eta ikusle eta entzuleei gertatzen den guztiaren berri ematen zuzen-zuzenean kanal eta euskarri ezberdinetan: ETB1, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta eitb.eus. 

"ETB Kantxa" saioa 17:00etan hasiko da ETB1en eta eitb.eus-en, Ezkurdia-Martija / Peña II-Mariezkurrena II atariko partidarekin. Ondoren, ikusgai izango dugu birritan txapela jantzi duen aztiaren eta final handia lehen aldiz jokatuko duen errebelazioaren arteko norgehiagoka. Xabier Euzkitzek, Elena Azpeitiak, Abel Barriolak eta Mikel Idoatek egingo dute zuzeneko kontakizuna.  

Norgehiagoka amaitutakoan, Jon Balenziagak gidatutako saio berezia izango da, finalaren analisia egiteko. Horretarako, Pedro Mari Goikoetxea eta Gentzane Aldai izango ditu lagun, Barriola eta Idoaterekin batera. Set berezitik pasako dira, halaber, finalaren irabazlea eta galtzailea. 

Bestalde, Euskadi Irratian Kepa Iribarrek, Txetxu Urbietak eta Oinatz Bengoetxeak kontatuko dute partida Bizkaia pilotalekutik zuzenean "Hiru Erregeen Mahaia" saioan. Radio Euskadiren kasuan, berriz Mikel Bilbao, Juan Martinez de Irujo eta Raúl Pando izango dira bidali bereziak. Asier Kareagak gidatzen duen "Kirol Festa" saioaren barruan jarraitu ahal izango da kirol hitzordu garrantzitsua. 

Hamahiru kamera Bizkaia pilotalekuan 

EITBren profesional talde handia izango da lanean (40 lagun inguru) Bizkaia pilotalekuan gertatzen den guztia ikus-entzuleei xehetasun guztiekin eskaintzeko: kameralariak, laguntzaileak, argi eta soinu teknikariak, produkzioaz arduratzen direnak... 

Hitzordu garrantzitsua izanik, hamahiru kamera erabiliko ditu ETBk emanaldia egiteko, horien artean Kablecam izenekoa dugu nobedade nagusia. Gernikako Jai Alai Winter Series txapelketan erabili zuen EITBk estreinakoz kamera hori, eta emaitza onak eman zituen. Pilotalekuaren goialdean dago kokatua, eta frontisetik errebotera arteko irudiak zein harmailetakoak eskaintzen ditu kablearekin batetik bestera mugituta. 

Horrez gain, frontisean kokatutako robotizatutako bi kamera erabiliko dira: Txokocam deritzon kamerak irudi ikusgarriak eskainiko ditu txokotik; Marracam izenekoak, berriz, pilota joko lekutik atera ote den erakutsiko du, eta oso baliagarria da epaileentzat. 

Irudi ikusgarriez gain, datuak ere eskaintzen dira pilota finaletan, grafikoen bitartez: batetik, kantxako zein puntutan jokatu den gehien (Zona caliente deritzona); bestetik, pilotaren abiadura zenbatekoa izan den (radarraren bidez neurtzen da). Datu horiek guztiak G93 enpresak kudeatzen ditu.