EITB TALDEA
Izendapena
Andoni Aldekoa CIRCOM Regional sareko Batzorde Betearazleko kide berri izendatu dute
EITB Media
CIRCOM Regional Europako eskualdeetako komunikabide publikoen elkarlan sarea da. Asteburu honetan, Poznanen (Polonia) egin dute bilera.
-
Asteburu honetan Poznanen (Polonia) egindako bileraren irudia
CIRCOM Regional elkarteko Batzorde Betearazleak Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia Komite Exekutiboko kide berri gisa aukeratu du asteburu honetan Poznanen (Polonia) egindako bileran. Batzordea azaroaren 17an eta 18an bildu da ohiko bilkuran, eta funtsezko zenbait gai jorratu ditu. Eguneko agendan, besteak beste, honako gai hauek landu dituzte: kide diren herrialdeetako egoera, ikuskatzaileen finantza-txostena eta 2024. Urteko Konferentziaren inguruko azalpenak.
Europako ikus-entzunezko taldeetako arduradunen topaketa honetan, Batzorde Betearazleko kideek Aldekoaren aurrekari profesionalak, esperientzia eta komunikabide publikoen etorkizunerako duten ikuspegia ebaluatu dituzte. Ordezkariek aho batez onartu dute EITBko zuzendari nagusiaren hautagaitza -Italiako RAI katearen eta Finlandiako YLEren abalarekin aurkeztutakoa-, eta, hala, Andoni Aldekoak CIRCOM Regional elkarteari egin diezazkiokeen ekarpen garrantzitsuak berretsi dituzte. Haien ustez, kide berriak ikus-entzunezko sektoreari buruzko ezagutza zabala du eta ikuspuntu eraberritzaileak ekarriko ditu batzordera. EITBko zuzendariak euskal hedabide publikoan egin duen kudeaketa etengabe aldatzen ari den eta erronka berriak dituen ikus-entzunezko sektorean estrategia berritzaileak ezartzeagatik nabarmendu da.
CIRCOM Regionali buruz
CIRCOM Regional Europako eskualdeetako komunikabide publikoen elkarlan sarea da, eta ikus-entzunezko publikoen arloan bikaintasuna, lankidetza eta berrikuntza sustatzen ditu. Informazio gehiago esteka honetan: https://www.circom-regional.eu/about-circom-3/about-circom-l