EITB TALDEA
Son Goku EITBn
"Dragoi Bola" telesail mitikoa ikusgai izango da EITBren MAKUSI plataforman, bihartik aurrera
EITB
Urtarrilaren 18an, 20:00etan, lehen 12 atalak izango ditugu eskura plataforman. Egun horretan, gainera, "Dragoi Bola"ren maratoia egingo da EITBren Bilboko egoitzan: hainbat atal pantaila handian, photocalla eta sorpresak. PRIMERAN plataformara ere iritsiko dira atalok hilaren 24tik aurrera.
-
"Dragoi Bola", MAKUSIn
Son Gokuren abenturak EITBren MAKUSI plataforman izango ditugu ikusgai urtarrilaren 18tik aurrera. Hala, euskal haur eta gazteen hainbat belaunalditan erreferente izandako "Dragoi Bola" telesail mitikoa atalez atal berrikusi edo lehen aldiz gozatzeko aukera egongo da, larunbatean hasita. 20:00etan jarriko dira ikusgai lehen 12 atalak MAKUSIn, eta, ondoren, ostiralero 12 atal gehiago. PRIMERAN plataformara ere iritsiko da Akira Toriyamak sortutako pertsonaien anime ospetsua, hilaren 24tik aurrera, bere garaian telesaila ikusi zuten belaunaldi horiei ere zuzenduta.
"Dragoi Bola" nonahi eta noiznahi ikusgai izango dugula behar bezala ospatzeko, MAKUSIk maratoi erraldoia antolatu du larunbat honetan bertan, EITBren Bilboko egoitzan. 16:00etatik 21:00etara, marrazki bizidun ezagunen 11 atal pantaila handian ikusteko aukera izango da, Multibox aretoan. Ez dira faltako photocalla eta sorpresak. Emanaldia doakoa da, eta ez da klubeko kide izan beharrik bertan egoteko, baina aldez aurretik izena eman behar da MAKUSIren webgunean.
1989ko urriaren 4an emititu zen lehen aldiz "Dragoi Bola" ETB1en, Euskal Telebistan arrakastarik handiena izan duen marrazki bizidunen telesaila. Lehen emanaldiaren 35. urteurrena bete berritan, omenaldia egin zitzaien "Dragoi Bola"ren euskarazko bikoizleei. Orain, atal guztiekin gozatzeko aukera izango dugu, belaunaldi berriek zein bere garaian ikusi zuten zaleek gozatzeko. Hain zuzen ere, horietako asko espero ditu MAKUSIk larunbat honetako hitzorduan, haurrekin horietako asko.
"Dragoi Bola Z" eta "Dragoi Bola Super", ondoren
Astero 12 atal ikusgai jarrita, "Dragoi Bola"ren 150 bat ale bilduko ditu MAKUSIk urteko lehen hilabete hauetan; maiatzerako, berriz, "Dragoi Bola Z"ren emanaldiarekin jarraitzea aurreikusita dago, eta jada hasi dira lanean "Dragoi Bola Super" ere eskaintzeko. Irailerako egon daiteke azken hori prest.