EITB TALDEA
San Sebastian eguna
Donostiako eta Azpeitiko danborradak, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Igande eta asteleheneko ekitaldi nagusiak EITBko hedabide eta euskarrietan jarraitzeko aukera izango da, baita portuan jarriko den pantaila erraldoian ere, EITBren eta Donostiako Udalaren arteko akordioari esker.


San Sebastian egunean, Donostiako eta Azpeitiko kaleak danbor hotsez beteko dira berriz ere, eta EITBko hedabideak horren lekuko izango dira. Igande gauean, 22:30ean hasiko da ETB1en eta eitb.eus-en "Danborrada Gaua" saio berezia, Egoitz Txurrukak eta Leire Martinezek aurkeztuta. Imanol Artolak egingo du Donostiako danborradaren kontakizuna, eta Joseba Olagaraik eta Juan Jose Bereziartuak Azpeitikoa. Gauerdia iritsi bitartean, Konstituzio plazan bizi den giroa azalduko digu une oro Egoitz Txurrukak. Bien bitartean, Leire Martinez liburutegian izango da elkarrizketak egiten, eta Anabel Arraiza Donostiako portuan, baita Gaztelubideko danborradaren ibilbidearen kontakizuna egiten ere.
Astelehenean, Donostiako Haur Danborradaren zuzeneko kontakizuna egingo dute Imanol Artolak eta Joseba Olagaraik 11:50etik aurrera. Gauean, 23:25ean hasiko da San Sebastian egunari amaiera emango dion ekitaldia jasoko duen saio berezia, Imanol Artolak eta Leire Martinezek gidatuta.
Aurten bada berrikuntza garrantzitsu bat: emanaldi horiek guztiak Donostiako portuan jarriko den pantaila erraldoian ikusi ahal izango dira, EITBren eta hiriko Udalaren arteko akordioari esker. Ohi denez, EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioetan ere jarraitu ahal izango dira.
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik gauerdiko albiste buletinaren barruan eskainiko dute Bandera Igoera igandean eta Bandera Jaitsiera astelehenean. Horrez gain, haur danborradan eta San Sebastian eguneko ekitaldi nagusietan izango dira, eta asteleheneko "Boulevard" magazina Donostiatik gidatuko du Iñaki Espigak. Halaber, San Sebastian eguneko albiste, argazki, bideo eta bestelako edukiak eitb.eus-eko atari berezian eta sare sozialetan bilduko dira.