EITB TALDEA
EITB, euskal zinemarekin
EITBk euskal zinemarekin batera ospatu du Goya sarien festa handia Granadan
EITB
Zinema Akademiak joan den larunbatean egindako galaren aurretik, EITBk harrera egin die bertara joandako ikus-entzunezko euskal sektoreko ordezkariei.


Euskal ikus-entzunezko ekosistema sustatu eta egiten diren lanei zabalkundea emateko duen konpromisoarekin bat eginez, EITB Granadan izan da asteburu honetan, Goya sarien bila joandako profesionalei babesa emateko. Izan ere, EITBren parte-hartzea duten lau filmek hogei izendapen izan dituzte aurten.
Gala hasi baino ordu batzuk lehenago, eguerdian, EITBko ordezkariek harrera egin zieten izendatutako pelikulen ekoiztetxeetako kideei eta sektoreko euskal ordezkariei. Topaketa horretan parte hartu zuten, besteak beste, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburuak eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak.
Hitzordu horretan eta 39. Goya sarien galaren aurretik eta ondoren gertatzen den guztiaren jarraipen zabala egin dute EITBko hedabideak: Euskal Telebistako albistegiek gertutik jarraituko dute egunak ematen duena, eta Granadara joan dira "Biba Zuek" eta "Quédate" saioetako lantalde bana (Leire Torre "Quédate"ko aurkezlea bera ere bertan egongo da). Ez dira falta, noski, irrati, webgune eta Orain-eko profesionalak.
EITBren parte-hartzea duten lau filmek 20 izendapen
La infiltrada filmak 13 izendapen zituen, eta bi Goya sari eskuratu zituen: film onenarena eta emakumezko aktore protagonista onenarena (Carolina Yuste). Bestalde, Moriarti hirukotearen Marco filmak bost zituen eta bi Goya eskuratu zituen: gizonezko aktore protagonistarena (Eduard Fernandez) eta makillaje eta ile-apainketarena (Karmele Soler, Sergio Perez Berbel eta Nacho Diaz).
Horiez gain, Betiko gaua Eneko Sagardoyk euskaraz filmatutako lana fikziozko film labur onenaren sailean lehiatu zen, eta Isabel Hergueraren La mujer ilustrada animaziozko film labur onena eskuratzeko hautagai izan da.

EITB, EUSKAL ZINEMAREKIN