Ahotsenea

Ahotsenea

Ahotsenea

Durangoko Azoka

Ahotsenea 2017: hamar urte, hamaika kontzertu

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Abenduaren 6tik 10era, besteak beste, Berri Txarrak, Ze Esatek!, En Tol Sarmiento, Rafa Rueda eta Itziarren Semeak arituko dira Ahotsenean.

Durangoko Azokaren aurtengo edizioa berezia izango da Ahotsenearentzat. Euskal sortzaileei zuzendutako guneak hamarkada bat beteko du, eta Euskal Herriko hainbat herritan estreinakoz izan ostean, egitarau zabal eta oparo batekin iritsiko da Durangora.

Aurten ere, bi txokotan egongo da banatuta Ahotsenea: alde batetik, kontzertuen karpa egongo da, Landako aldameneko eremu berdean kokatuta, eta bestetik, literaturari eskainitako txokoa ezarriko dute Landakon bertan. Guztira, 120 proposamen hartuko ditu Ahotseneak: 70 kontzertu eta 50 aurkezpen. Maratoi itzela, beraz, Azokako bisitariek abenduaren 6tik 10era bertan biziko dutena.

Hala, kontzertuen karpak denetariko musika izango du oinarri. Egunean hamalau kontzertu egongo dira, hamar orduko musika zikloa, horrenbestez. Handik igaroko dira, besteak beste, ibilbide luzea egina duten Berri Txarrak, Ze Esatek!, En Tol Sarmiento, Rafa Rueda eta Itziarren Semeak. Era berean, hastapenetan dauden talde berriak ikusiko ditugu han. Musika estiloari dagokionez, rocka nagusituko da, nahiz eta pop doinuak ere entzungo diren, baita trikitrixa ere. Bestalde, zenbait musikarik kontzertu akustikoak emango dituzte.

Literatura alorrean, berriz, 11:00etatik 19:30era hitzaldiak, aurkezpenak, mahai-inguruak eta ikuskizunak egingo dituzte. Aurtengo gonbidatuen artean, Uxue Alberdi, Eider Rodriguez, Jasone Osoro, Jon Arretxe, Tere Irastorza eta Fito Rodriguez izango dira. Aipatzekoa da, gainera, musikariren batzuek ere zapalduko dutela txoko hori: hala nola, Mikel Urdangarinek, Keu Agirretxeak, Yogurinha Borovak eta Joseba Tapiak.

Egitarau osoa

AHOTSENEA 2017 EGITARAUA

ahotsenea literatur saioak 2017