Azkena Rock

Ekainak 19 eta 20

Wovenhand taldea Gasteizko Azkena Rock jaialdian arituko da

N.V. / L.Z. I | EITB.EUS

Ekainaren 20an igoko da taula gainera country musika lantzen duen Wovenhand taldea, Mastodon, Red Fang eta Kvelertak taldeekin batera. Ostiralean, berriz, ZZ Top, Television eta L7 izango dira.

Wovenhand, country alternatiboa lantzen duen talde estatubatuarra, ere izango da aurten Gasteizen, Azkena Rock jaialdian.

Ekainaren 19an eta 20an egingo dute festibala Mendizabalan, eta hilaren 20an igoko da talde hori oholtza gainera, Last Tour enpresak iragarri duenez.

David Eugene Edwardsek zuzentzen du Wovenhand. 2001ean, 16th Horsepower talde mitikoak ibilbidea eten zuenean, Wovenhand taldea sortu zuen Edwardsek. Bi taldeotan egindako lanak eragina izan du musika alternatiboa jorratzen duten musikarien artean.

Ez da erraza Wovenhanden musika definitzea. Izan ere, neofolk, post-rock eta punk musika uztartzen ditu, eta soinu alternatiboak ere entzun daitezke horren lanetan. Oraingoz, Refractory Obdurate da taldeak argitaratu duen azken lana.

Hori horrela, aurretik egindako iragarpenei gehitu zaie mintzagai dugun taldea.

Sarrerak

Bi eguneko bonua 79 euroan dago salgai (+ banaketa gastuak). Egun bakarreko sarrerak, berriz, 52 euroko prezioa dauka.

>