Azkena Rock

Ekainean, Gasteizen

Primal Scream, Azkena Rock jaialdiko kartelburu

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Gainera, Vintage Trouble, Supersuckers, Marky Ramone, The Coup eta Cobra taldeen zuzenekoak iragarri dituzte gaur.

Arabako hiriburuko musika-jaialdi ezagunena hasteko lau hilabete geratzen direnean, ekainean Mendizabala harrapatuko duen talde garrantzitsuenetako baten izena eman dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, Primal Sream izango du kartelburu Azkena Rock Festival jaialdiaren aurtengo edizioak.

Rock alternatiboak leku garrantzitsua beteko du, beraz, Gasteizen ekainaren 17an eta 18an. Glasgowtik iritsiko den aipatu taldeak estudioko hamaika proiektu aurkeztu ditu orain arte; horietatik azkena, Chaosmosis, aurten iritsiko da.

Bestalde, Vintage Trouble, Supersuckers, Marky Ramone eta The Coup taldeen zuzenekoak iragarri dituzte gaur. Vintage Troublek sekulako ikuskizuna eskaini zuen iaz Bilbao BBK Liven.

Halaber, Cobra taldeak astinduko du Mendizabalako agertokietako bat. Riffyard lan berria esku artean dutela helduko dira David González, Josu Luengo, Haritz Lete eta Ekain Elorza.

Hala, Primal Scream eta gainerako artistak orain arte iragarritako beste hainbat talderekin batera igoko da oholtzara. Dakizuenez, besteak beste, Blackberry Smoke, Refuses, Radio Birdman, 091, Daniel Romano, Buffalo Killers, Luke Winslow-King, The London Souls, Raveneye eta The Flying Scarecrow izango dira aurten protagonista Azkena Rocken.