Azkena Rock

Iragarpenak

Imelda May eta The Scientists, Azkena Rock Festival jaialdian

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Los Brazos eta The Milkyway Express taldeak ere Mendizabalan izango dira ekainaren 17an eta 18an.

  • Imelda May. Argazkia: Tom Hagen

    Imelda May. Argazkia: Tom Hagen

Beste lau iragarpen egin dituzte gaur Azkena Rock Festival jaialdirako: Imelda May, The Scientists, Los Brazos eta The Milkyway Express. Hala, ekainaren 17an eta 18an Gasteizen egingo duten jaialdian, azken egunetan iragarritako The Who eta Danzig taldeekin batera arituko dira aipatu artistak.

Imelday Mayk 16 urte zituela ekin zion musika ibilbideari; Dublingo tabernetan emanaldiak eskaintzen zituen orduan. Handik gutxira, 2006an, talde bat sortu zuen, eta, bi urtera, Love Tatoo estudioko estreinako diskoa iritsi zen. Lan horrek sekulako arrakasta lortu zuen, bai salmenta aldetik, baita kritikaren aldetik ere.

The Scientists, berriz, bederatzi urtez aritu zen oholtza gainean, 1978tik 1987ra, hain zuzen. Gerora, banatzeko erabakia hartu zuten, baina Kim Salmon, Tony Thewlis, Boris Sujdovic eta Leanne Cowie australiarrak berriro elkartu dira aurten, zuzenekoren bat edo beste emateko asmoz. Zalantzarik gabe, The Scientists Australiako punk musikaren erreferente izan dira urteen joan etorrian.

Bestalde, Bilboko Los Brazos taldeak 2012an egin zuen debuta, Delay lanarekin. Disko horrek oihartzuna izan zuen musikazaleen artean, eta AEBn bira labur bat egitera iritsi ziren orduan. Iaz, estudioko hirugarren proiektua kaleratu zuten, eta lan horixe aurkezten dabiltza azkenaldian taulaz taula.

Bukatzeko, The Milkyway Express sevillarrak rock doinuz jantziko dute Gasteizko Mendizabala, betiere, taldeak zuzenekoetarako duen indarra eta kemena lau haizetara zabalduz.