Azkena Rock

Ekainak 22-23

Van Morrison eta Joan Jett & The Blackhearts, Azkena Rock Festivaleko kartelburuak

Agentziak | Eitb.eus

Mendizabalak ostiralean irekiko ditu ateak, 17:00etan, jaialdia hasi aurretik hainbat kontzertu egingo dituzte Gasteizen bertan.

  • Van Morrison

    Van Morrison

Van Morrison (ostirala) eta Joan Jett & The Blackhearts (larunbata) izango dira asteburu honetan Gasteizko Azkena Rock Festival jaialdiko kartelburuak.

Guztira, hogeita hamasei talde igoko dira Mendizabalan egongo diren agertoki ezberdinetara. Bertantxe bilduko dira, bereziki, rock musika maite duten milaka musikazale.

Gaur bertan, Andre Mari Zuriaren plazan doako kontzertuak eskainiko ditu Osteguna Rock ekimenak, 18:30etik aurrera. Radiofobia, Las Furias, Doojiman & The Exploders eta The Golden Graham talde kataluniarra arituko dira, hain zuzen ere. Gainera, ARF Preparty jaia egingo dute Jimmy Jazzen, non Liza Colby Sound eta Cobra taldea aterako diren oholtzara.

Jaialditik kanpo, The Sheepdogsen (ostirala) eta James Taylorren (larunbata) bisitak jasoko ditu eguerdietan Andre Mari Zuriaren plazak. Halaber, Gasteizko kaleetan zehar ibiliko dira Broken Brothers Brass Band taldekoak, hiria girotzen.

Mendizabala, berriz, ostiralean irekiko dute. 17:00etatik aurrera eta goizaldera arte, hiru agertokitan –God, Respect eta Love- banatuko dituzte kontzertu guztiak. Bestalde, TrashVille gunean zuzeneko txikiagoak egingo dituzte.

Hala, Van Morrison eta Joan Jett ez ezik, MC5, Chris Robinson Brotherhood (Black Crowes taldeko abeslari ohia), Dead Cross (Faith No More taldeko abeslariarekin eta Slayerreko batería-jolearekin), Rival Sons, Girlschool, The Allnighters eta Tutan Come On taldeen emanaldiekin gozatuko du ikuslegoak ekainaren 22an. Hurrengo egunean, Moot the Hoople, Gluecifer, Turbonegro, Berri Txarrak eta Nuevo Catecismo Católico izango dira protagonista.

Labur esanda, rock musikaren topaleku izango da Gasteiz aste bukaera honetan, Azkena Rockeri esker. Aurreikusitakoaren arabera, 30.000 eta 35.000 lagun artean bilduko dira han.