Azkena Rock

Ekainak 19 eta 20

John Fogerty, Suzi Quatro eta Brian Wilson Azkena Rock Festivalen egongo dira

eitb.eus

Horiez gain, Gasteizen izango dira Drive-by Truckers, The Adicts, Baroness, Shooter Jennings, Derby Motoreta’s Burrito Kachimba eta Tahures Zurdos.

  • John Fogerty

    John Fogerty Mendizabalara itzuliko da, 2017an jo eta gero. Argazkia: Efe.

Azkena Rock Festival jaialdiak 19. edizioa ospatuko du Mendizabalan, ekainaren 19 eta 20an, eta gaur iragarri dituzte antolatzaileek bertan izango diren 16 talderen izenak; tartean, Creedence Clearwater Revival eta Beach Boys talde mitikoetako buruenak.

Fogerty Gasteizko jaialdira egindako aurreko bisita arrakastatsutik hiru urte igaro direnean itzuliko da, Creedence Clearwater Revival bere taldearen klasikoak (“Proud Mary”, “Who’ll stop the rain”…) besapean dituela.

Brian Wilson, bestalde, Good Vibrations Tour birak eramango du Gasteizera, eta “Pet sounds” disko mitikoaren egileak Blondie Chaplin eta Al Jardine izango ditu albo banatan, luxuzko laguntzaileak.

Suzi Quatro baxu-jotzaile eta kantaria “rockstar izan zen lehen emakumezkotzat” aurkeztu dute jaialdiko antolatzaileek, eta Incubus kaliforniarrena iragarpen garrantzitsua da.

Horiez gain, Drive-by Truckersek “The Unravelling” diskoa aurkeztuko du, eta The Adicts britainiar punkek “And it was so”. Halaber, Mendizabalan arituko dira Shooter Jennings, Baroness, Robyn Hitchcock, The Wildhearts, DeWolff, Ray Collins’ Hot Club, Derby Motoreta’s Burrito Kachimba, Petróleo Ignatius Farray komikoaren taldea, Wicked Wizard Bilbo Hiria rock lehiaketako irabazleak eta Tahúres Zurdos nafar mitikoak, itzuli berritan.

Izen horiek guztiak aurretik iragarritakoei batu zaizkie: Patti Smith & Band, Social Distortion, Fu Manchu, L7, Reverend Horton Heat, Steepwater Band eta The Faithless.