Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Balorazioa

Bilbao BBK Livek 20.389.813 euroko inpaktua izan du

Erredakzioa

Bisitarien % 30 inguru Erresuma Batutik, Frantziatik eta Alemaniatik etorri dira Bilboko jaialdira, eta hotelen okupazioa % 89ra iritsi da uztailaren 10ean, 11n eta 12an.

  • Argazkia: Efe.

    Argazkia: Efe.

Bilbao BBK Live jaialdiak inoiz baino jende gehiago erakarri du aurtengo edizioan: 120.000 pertsona, hiru egunetan. Antolatzaileen arabera, 20.389.813 euroko eragin ekonomiko zuzena izan du horrek, jaialdiarekin lotutako jarduera guztien ondorioz.

Bilbao BBK Live jaialdiaren 2014ko edizioaren emaitza ekonomikoak inoizko onenak izan dira aurten (2012koa zen onena: 17.489.000 euro), datu horiek diotenez.

Ingelesak, frantsesak eta alemanak nagusi

Bilbao BBK Livek gero eta toki nabarmenagoa du Europako jaialdien zirkuituan, eta, aurten, bisitarien % 30 inguru Erresuma Batutik, Frantziatik eta Alemaniatik etorri dira. Britainiarrak Kobetamendin bildutako guztien % 17,6 izan ziren, eta bizkaitarrak soilik daude haien aurretik (% 22).

Frantsesak, berriz, % 10,3 izan ziren, antolatzaileen arabera, eta alemaniarrak % 1,4.

Kanpotarrentzako informazioa

Bestalde, Bilbao Turismoren bi bulegoetan eta Kobetamendiko stand-ean inoiz baino jende gehiagori eskaini diete arreta. Jaialdiko hiru egunetan, 6.934 pertsonari eman diete informazioa bertan.

Bilbao BBK Livek nazioartean duen ospea islatzen du informazio turistikorako bulegoetara joandako atzerritar kopuruak, guztizkoaren % 46,7 izan baita. Bilbao Turismok Frantziako (% 10,14), Erresuma Batuko (% 7,24), Italiako (% 3,3), Alemaniako (% 2,27), Belgikako (% 2,12) eta Holandako (% 2,08) rock-zaleen eskaerei erantzun die.

Zerbitzuak

Destino Bilbao elkartearen datuek diotenez, uztailaren 10ean, 11n eta 12an hiriko hotelen okupazioa % 89ra iritsi zen. Elkartearen ustez, jaialdiaren "datak erabakigarriak dira Bilboko hotelen sektoreko egutegian eta hirira bisitari gehien erakartzen dituen ekitaldia da".

Merkataritza eta ostalaritza eremuetako negozioen arduradunak ere oso pozik agertu dira Bilbao BBK Livek eman dien lanarekin, eta jaialdiaren balorazio "oso positiboa" egin dute.