Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Hirugarren eguna

Muse Kobetako errege, bere Bilbao BBK Liven

Natxo Velez | eitb.eus

Devongo hirukoteak larunbateko ez ezik jaialdi osoko kartelburu izan dela  erakutsi zuen bart Bilbao BBK Live ixteko, hirugarren egunez Kobeta mendira bertaratu ziren 40.000 lagunen aurrean.

  • Muse

    Muse

Bilbon izango zirela iragarri zutenetik, jakina zen 2015ekoa “Museren Bilbao BBK Live” izango zela; ingelesek sona dute, zuzenekoan huts egiten ez dutela erakutsia dute aurretik ere, Drones disko berrian hein batean saiakerak alboratu eta gitarra, baxu eta bateriaz eginiko rockera itzuli dira, Robert John "Mutt" Lange ekoizleak (AC/DC, Def Leppard…) gidatuta, eta estadioak betetzen dituztenen klub horretan sartuta daude aspaldidanik. Dena zuten alde.

Usteak, aurreikuspenak, aieruak, berretsi egin behar izaten dira, baina, eta Matt Bellamyk, Dom Howardek eta Chris Wolstenholmek duda-muda guztiak argitu zituzten bart Kobeta mendiko agertokiaren gainean: inork gutxik egiten dio itzalik gaur egun beren ligan, estadioko rocka deitu den horretan aurkaririk ez dute egun ez ikusgarritasunean ezta, eta hau da garrantzitsuena, musikari gisa, hots, abestietan (errepertorio askotariko eta garaitezina eraiki dute zazpi diskotan), iaiotasunean eta soinuan.

Aurretik, artean ateri zela (euria ere batu zitzaion jendetzari Museren kontzertuaren atarian eta hirukotearen emanaldian) eta eremuan lehen orduetatik aurreko egunetan baino jendetza trinkoagoa zebilela, bestelako musika proposamen interesgarri batzuk gozatu ahal izan genituen.

Señores bizkaitar taldeak eguneko egitaraua abiatu eta gero, agertoki nagusia Vintage Trouble rock-and-roll klasikoko taldeak inauguratu zuen. Energia handiko emanaldia egin zuen talde kaliforniarrak, pausatu barik kantu bat bestearen atzetik joz eta hasieratik bertatik publikoarekin harreman sendoa lortuta (kantaria publikoaren buruen gainetik surfean aritu zen).

Ahots oso ona, musikari trebeak, jarrera paregabea eta batzuetan souletik jotzen zuten baina oro har rock-and-roll jatorraren estandarrari zegozkion kantuak. Gehiago ezin da eskatu, egunari ekiteko. Seguru troublemaker bat baino gehiago -hala deitzen diete jarraitzaileei, elkarrizketa batean esan zigutenez- errekrutatu zutela atzokoan.

BILBAO BBK LIVE. ARGAZKIA: LAST TOUR INTERNATIONAL vintage trouble

Ty Taylor (Vintage Trouble). Argazkia: Rythm and Photo

Lekukoa The Cat Empire talde australiarrak hartu zien bigarren agertokian, ohikoak dituzten doinu alaiekin. Dantzarako gonbit etengabea egin zuten, musika bihotz-altxagarriarekin. Soinuari latin ukitua ematen zioten teklatu, perkusio eta haizeen eskutik, jendea dantzan jarri zuten australiarrek, eta udazkenean ostera ere ingurumariotan ibiliko direla iragarri zuten.

Horien ostean, Kodalinek eta Of Monsters and Menek ez zuten gauza handirik ekarri. Lehenengoek zuztar handirik gabeko melodia gozoak taularatu zituzten, aldika Coldplay eta Mumford and Sons gogora ekartzen zituzten eskemak errepikatuz, eta bigarrenek baxu-jotzailearen ondoezari aurre egin behar izan zioten. Bezperan gaixotu omen zen islandiar taldeko musikaria, Bartzelonan, eta, ondorioz, kontzertu laburragoa eman behar izan zuten Bilbon “Little Talks” kantuaren egileek.

Muse, gehiegikeria bertute

Eta iritsi zen azkenik guztion ikusmiran zegoen unea: atzera kontaketa agortuta, Muse Bilbao BBK Liveko agertokira irten zen. “Psycho” disko berriko kantua izan zen hirukoteak jaurti zuen lehen bala, soinu bikaina alde zutela: aratz eta indartsu heltzen ziren doinuak erne begira zeuden 40.000 lagunen belarrietara, eta jaialdiko kontzertu guztietan ohikoa izan den eta zenbaitetan musikaren gainetik entzun den jendearen kalaka, zurrumurru gogaikarria, tupustean isildu zen.

Atzokoan jaialdian ari zirenez, beren biretan ohikoak dituzten eszenografia faraonikoak neurriratu egin zituzten, eta agertoki soilagoa paratu zuten: bideoko irudi txukunak pantailetan eta efektu berezi gutxi batzuk (baloi erraldoiak eta konfetia). ETBk eginiko elkarrizketan, nolanahi ere, Matt Bellamyk aurreratu zigun datorren urtean diskoa aurkezteko egingo duten biran droneak eta beste erabiliko dituztela kontzertuetan. Zurt egongo gara, bada.

Kantu zerrendari dagokionez, disko berriko bost kantu (“Psycho” bera, “The Handler”, “Dead inside”, “Mercy” eta “Reapers”) sartu zituzten, hamazazpi kantuko errepertorioan, eta jendeak abegi ona egin zien. Drones diskoak ez dio inori bizitza aldatuko, Museri gehiago eska dakioke, agian, orain arte erakutsi duenagatik, baina The 2nd Law-n hartu zuten bide dispertsoegia itxi egin dutela dirudi, oro har, eta ondo txertatzen dira kantu berriak “Plug in baby” edo “Hysteria” kantu klasikoekin berbarako.

Zenbat zale balizko hainbat kantu zerrenda egin litezke, noski, eta Bilboko emanaldian sorpresa atseginak izan ziren, hala nola “Citizen Erased” Origin of symmetry diskoko kantua edo “Apocalypse Please”. Aitiztik, "Stockholm Syndrome" falta izan zen, agian, huts egin zutenei begira jarrita, baina “Knights of Cydonia”k ordu eta erdiko kontzertuari azkena eman zionean inork gutxik pentsatu zuen halakorik, ezpada askoren gogoan luzaro izango den musika ikuskizun paregabean. Gogoangarria.

Musek oso goian utzi du langa. Osagarriak osagarri hiru musikariok elkarrekin, nork bere musika tresna hartuta, gisakorik apenas dutela agerian utzi zuten. Estadioak betetzen ditu Musek, bai, beste talde batzuek bezala, baina ingelesek musikaren indarra nahikoa dute jendea zur eta lur uzteko, konbentzitzeko eta beste liga batean ari direla erakusteko, trukurik gabe ere ikusleak txunditzeko. Hor datza beren indarra.