Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Uztailaren 7tik 9ra

New Order talde ingelesa ere izango da Bilbao BBK Live jaialdian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jose Gonzalez, Pixies, M83, Father John Misty eta Courtney Barnett ere arituko dira Bizkaiko hiriburuan, uztailaren 7tik 9ra bitartean egingo den jaialdian.

Seigarren iragarpena egin du gaur Bilbao BBK Live jaialdiak. Uztailaren 7tik 9ra Kobeta mendiak hartuko duen festibalean, New Order talde ingelesa ere arituko da. Manchesterreko taldeaz gain, Jose Gonzalez, Pixies, M83, Father John Misty eta Courtney Barnett ere arituko dira Bizkaiko hiriburuan.

Last Tour jaialdiaren antolatzaileak jakinarazi duenez, pop elektronikoaren historiako "nahitaezko erreferentzia" da. Music Complete lan berria aurkezteko biraren baitan, New Order taldeak geldialdia egingo du datorren uztailean Bilbon.

Ian Curtis Joy Division taldeko abeslaria hil eta gero sortu zen New Order taldea, 1980. urtean. Movement (1981) lehen diskoa erraz alderatu daiteke sorrarazi zuen taldearen estiloarekin, baina Power Corruption & Lies (1983) lanarekin post-punk estilotik aldendu eta beste norabide bat hartu zuen musika elektronikoaren eta new wave estiloaren arteko fusioa eginez, taldearen soinu bereizgarria lortzeko.

Manchesterko taldearen behin betiko arrakasta, ordea, "Blue Monday" abesti mitikoarekin iritsi zen; single independente hori musikaren historian gehien saldu zena izatera iritsi zen, eta, denborarekin, "belaunaldi oso batentzako benetako ereserki bihurtu da".

"Blue Monday" abestiak hauspotuta, nazioarteko pop elektronikoaren erreferentzia bihurtu zen 80ko hamarkadan. Dena den, 35 urteko ibilbidean mota guztietako diskoak eta abestiak egin dituzte, eta horietako batzuk hainbat belaunaldiren gogoan iltzatuta gelditu dira. Gainera, rock, dance, pop elektronikoa estiloen artean egindako fusioa eta new wave estetika ondoren azaldu diren taldeentzako inspirazio-iturri izan dira.

Taldeak atseden hartu zuen 1993an, eta 1998an ekin zion berriz ere lanari. Aurten, Music Complete diskoa argitaratu dute, abesti berriak dituen lehena hamar urtean.