Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Elkarrizketa

Nola bizi dute artistek Bilbao BBK Live jaialdia?

Natxo Velez | eitb.eus

The Amazons, Vulk, Kokoshca, Xoel Lopez, IZARO eta Bilbao BBK Liven izango diren beste hainbat taldetako kideekin hitz egin dugu, jaialdian eskaini behar dituzten emanaldien atarian.

  • Kobetako jaialdian joko duten hainbat artistarekin hitz egin dugu. Argazkia: Tom Hagen.

    Kobetako jaialdian joko duten hainbat artistarekin hitz egin dugu. Argazkia: Tom Hagen.

Zenbat artista, jaialdiak bizitzeko hainbat modu daude. Ohiz kanpoko denetariko aukerak zabaltzen dizkiete horrelako topaguneek parte-hartzaileei: jendarte handiagoaren aurrean jo, nork bere lana publiko berriei erakutsi, gainerako taldeek zer jotzen duten bertatik bertara ikusi edo, zergatik ez, lankideekin jendearekikoak egin.

Guk ostegunetik aurrera hiru egunez Kobetan paratutako lau agertokietan arituko diren musikariekin hitz egin dugu, jaialdia agertoki gainean eta horien atzealdean nola bizi duten jakiteko. Vulk, The Amazons, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Kokoshca taldeetako kideengana, Xoel Lopezengana eta Izarorengana jo dugu, hain zuzen ere.

Andoni De la Cruz (Vulk, osteguna, 19:30, Ron Matusalen agertokia)

vulk andoni legarreta

Argazkia: Andoni Legarreta.

Egon zarete aurretik Bilbao BBK Live jaialdian, jotzen edo publiko modura. Zer oroitzapen dituzue? Zer iruditzen zaizue jaialdia?

Bai, uste dut guztiak egon garela edizio batean gutxienez, eta Julenek (gitarra) beste talde batekin jo zuen bertan, orain dela urte batzuk.

Jaialdiari buruz, esan ahal dugu nahiago ditugula areto txikietako kontzertuak festibal handietakoak baino. Eta talde bezala, berdin: erosoago sentitzen gara kontzertu txikiak ematen.

Zer espero duzue aurten egingo duzuen emanalditik? Zer eskainiko diozue publikoari?

Ez dugu gehiegi espero; azkenean, zazpi eta erditan joko dugu, eta badakigu festibaleko publikoa nolakoa den: oso berandu sartzen da, talde handiak ikustera. Nolanahi ere, gure filosofia agertokian dena ematea denez, kontzertuari betiko moduan ekingo diogu, eta aurrera!

Denbora ateratzen baduzue, aurtengo karteleko zer talde ikusi nahiko zenituzkete?

Ufa! Normalean, honelako festibaletan jotzen duten taldeak ez dira gure gustukoak izaten. Baina ostegunen denbora ateratzen badugu, Justice ikusiko dugu seguru aski.

Xoel López (osteguna, 00:15, Ron Matusalen agertokia)

xoel lopez

Egon zara aurretik Bilbao BBK Live jaialdian, jotzen edo publiko modura?

Ez, nire lehen aldia izango da, jotzen zein publiko gisa. Baina askotan egon naiz Bilbon eta inguruan jotzen. Are gehiago, Galiziatik kanpo eman nuen lehen kontzertuetako bat Plentzian izan zen, La Carolinan, 17 urte nituela. Asko gustatzen zait hiria, batik bat urteko sasoi honetan.

Zer espero duzu aurten egingo duzun emanalditik? Zer eskainiko diozue publikoari?

Bada, emanaldi berezia izango da, nire ibilbide osoko abestiak izango baitira errepertorioan, 2001. urtetik hasita gaur egunera arte. Ia duela bi hamarkadatik jotzen ez ditugun kantuak entzun ahal izango dira. Hunkigarria izango da, nik uste, hainbeste jenderen aurrean egin ahal izatea.

Denbora ateratzen baduzu, aurtengo karteleko zer talde ikusi nahiko zenituzke?

Asko, baina, beste edozein baino gehiago, Depeche Mode.

IZARO (ostirala, 17:45, Heineken agertokia)

Egon zara aurretik Bilbao BBK Live jaialdian, jotzen edo publiko modura?

Ni neu ez naiz inoiz egon, ez ikusle bezala ez jotzen! Festibal handiek beti eman izan didate horrelako errespeturen bat edo… Ez dakit! Neure buruan BBK Live beti izan da zerbait oso handia, oso garrantzitsua, nigandik oso urrun zegoen zerbait!

Zer espero duzu aurten egingo duzun emanalditik? Zer eskainiko diozue publikoari?

Egiten duguna oso intimua da, eta eraldatu egingo dugu pixka bat gure dinamika hain espazio handira ondo moldatzeko. Publikoarekin batera sentitu nahiko nuke intimuak ez duela zertan txikia izan, intimua izan daitekeela handi!

IZARO

Denbora ateratzen baduzu, aurtengo karteleko zer talde ikusi nahiko zenituzke?

Cage The Elephant, Niña Coyote eta Chico Tornado, The Killers, Carla Morrison…

Matt Thomson (The Amazons, ostirala, Bilbao agertokia, 18:25)

amazons

Egon zarete aurretik Bilbao BBK Live jaialdian, jotzen edo publiko modura?

Ez gara inoiz egon! Baina lagun bat iaz joan zen, eta, bueltan, ezin zion jaialdiari buruz hitz egiteari utzi. Irrika bizian gaude.

Zer dakizue jaialdiari edota hiriari buruz?

Jaialdiak  azken urteotan talde bilduma bikaina eskaini duela dakigu. Gainera, Bilbo hiri harroa dela ere esan digute, nortasun eta tradizio berezkoak dituela, eta bisitatzeko gogo handiz gaude.

Zer espero duzue aurten egingo duzuen emanalditik? Zer eskainiko diozue publikoari?

Rock-and-rolleko emanaldi grinatsu eta zirraragarriak maite ditugu. Ez gara oso ondo moldatzen gaztelaniaz, baina ahaleginak eta bi egingo ditugu publikoarekin konektatzeko.

Denbora ateratzen baduzue, aurtengo karteleko zer talde ikusi nahiko zenituzkete?

Ezin dugu gehiago itxaron The Killers eta Royal Blood ikusteko. Bi talde horien zale sutsuak gara.

Niña Coyote eta Chico Tornado (ostirala, 00:25, Starman agertokia)

nina coyote eta chico tornado

Argazkia: Galder Izagirre

Egon zarete aurretik Bilbao BBK Live jaialdian, jotzen edo publiko modura? Zer oroitzapen dituzue? Zer iruditzen zaizue jaialdia?

2013ko edizioan egon ginen BBK Live jaialdian jotzen. Egun berean bi aldiz aritu ginen orduan: lehenik, Fermin Muguruzarekin kolaboratzen eta, ondoren, Zuloak taldearekin jotzen. Green Dayk baino lehenago jo genuen Zuloakekin, eta bira osoko kontzertu onenetarikoa izan zen.

BBK izena ez dugu batere gustuko! Baina oso ondo antolaturiko jaialdia da, eta proposamen oso interesgarriak ditu.

Zer espero duzue aurten egingo duzuen emanalditik? Zer eskainiko diozue publikoari?

Ostiralean daukagu zita, gaueko 12:30ean. Ordu ederra izango da agertokia eta ingurua hankaz gora jartzeko.

Publikoari, egurra, sua eta izerdia eskainiko dizkiogu, beti bezala.

Denbora ateratzen baduzue, aurtengo karteleko zer talde ikusi nahiko zenituzkete?

Royal Blood, Brian Wilson, Die Antwoord, The Killers, IZARO, Vulk, Los Bengala, Depeche Mode, Primal Scream… Talde interesgarri eta mitiko asko dago. Ea lortzen dugun zer edo zer ikustea…

Iñaki (Kokoshca, larunbata, 21:00, Ron Matusalen agertokia)

kokoshca

Egon zarete aurretik Bilbao BBK Live jaialdian, jotzen edo publiko modura. Zer oroitzapen dituzue? Zer iruditzen zaizue jaialdia?

Ez, sekula ez naiz egon, ez modu batera ez bestera. Bilbo hiriak azkenaldian aldaketa ikaragarria izan duela iruditzen zait. Ez dauka Espainiako beste edozein hiriren antzik; are gehiago, ematen du ez dela Espainia.

Zer espero duzue aurten egingo duzuen emanalditik? Zer eskainiko diozue publikoari?

Jende guztiari gustatzea espero dut.

Denbora ateratzen baduzue, aurtengo karteleko zer talde ikusi nahiko zenituzkete?

Bada, begira, ikusiko nituzke Primal Scream, Brian Wilson, Biznaga, Los Bengala, Blonde Redhead, Andrew Weatherall…