Cover

Cover

Cover

Cover

120 bertsiotik gora jaso ditugu aurtengo ‘Gaztea Cover’en

Gaztea

Lehiaketaren bigarren edizioan izena emateko epea itxita, epaimahaikideen esku dago lehen aukeraketa.

  • 'Gaztea Cover'eko bertsioak

    'Gaztea Cover'eko bertsioak

'Gaztea Cover' lehiaketaren bigarren edizioak gaur itxi du izena emateko epea, 120 bertsiotik gora jasota. Martxoan zehar, Instagram, YouTube eta Twitter bidez parte hartzeko aukera zabaldu genuen, #gazteacover traola erabilita.

Taldeen bertsioak, bakarkakoak, musika tresnekin, gailu elektronikoekin… Kolore, forma eta mota guztietako bertsioak jaso ditugu 'Gaztea Cover'en bigarren edizioan; bideoklip estilora grabatutakoak, bideo efektu bitxiekin egindakoak eta Euskal Herriko logela guztietatik txangoa egiteko aukera eman diguten bideoak, besteak beste.

Iazko edizioan gertatu bezala, emakumeen parte-hartzea handiagoa izan da. Are gehiago, emakumeen coverrak ia gizonenen bikoitza dira.

Talde gutxi batzuk aurkeztu diren arren, gehienek bakarkako bertsioak bidali dituzte. Musika tresnetan, gitarra eta pianoa nagusi.

Hurrengo fasea

Orain, Leire Letu, Ainhoa Arroitajauregi eta Chica Sobresaltoren txanda da. Hiru artistek osatuko dute aurtengo epaimahaia, eta eurek erabakiko dute zein bertsiok izango duten bigarren fasean parte hartzeko aukera.

Apirilaren 5etik 12ra, 'Gaztea Cover'en webgunean epaimahaikideek aukeratutako bertsioen aldeko botoa emateko aukera emango dugu.

Bozketa horretatik, lau izen aterako dira: finalaurreko bakoitzeko bi. Epaimahaiak beste 16 cover aukeratuko ditu, eta, orotara, 20 lehiakide lehiatuko dira finalaurrekoetan (finalaurreko bakoitzeko 10). 20 hautatuek lehiaketara aurkeztutako coverra kalean grabatzeko aukera izango dute, finalaurrekoetarako. ETB1en eta Gaztearen webgunean izango dira ikusgai, maiatzaren 31n eta ekainaren 7an. Finalaurrekoetan, epaimahaikideek 6 lehiakide aukeratuko dituzte final handirako.

Finala eta sariak

Finala ekainaren 14an izango da, zuzenean, ETB1en eta Gaztearen webgunean. Bertan, 6 finalistek zuzenean abestuko dituzte beren bertsioak.

Epaimahaiak erabakiko du nork irabaziko duen 2022ko Gaztea Cover lehiaketa, baina ikus-entzuleen papera ere ezinbestekoa izango da; izan ere, gustuko artistaren aldeko botoa emateko aukera izango da, zuzenean, programaren emanaldian zehar. Hortik aterako da publikoaren sariaren irabazlea.

Epaimahaiaren sariaren irabazleak 2.000 euroko txekea jasoko du musika material profesionala saltzen duen Txirula dendan erabiltzeko, eta 1.000 euro gastatu ahalko ditu toki berean boto gehien jasotzen dituen lehiakideak.