Cover

Cover

Cover

Cover

Uxue Kerejeta, Leire Moñux, Ane Sarasua eta Iban Isasti eta Umami taldea, ‘Gaztea Cover'eko lehen sailkatuak

Gaztea

Webgunean bozketa eginda, baditugu aurtengo lehiaketan arituko diren lehen lau sailkatuen izenak.

  • Lau aukeratuak

    Lau aukeratuak. Argazkia: Gaztea

Astebete izan duzue Gazteako ikus-entzuleek aurtengo 'Gaztea Cover'eko lehiakideen alde bozkatzeko. Epea igarota, baditugu lehen lau sailkatuen izenak: Uxue Kerejeta, Leire Moñux, Ane Sarasua eta Iban Isasti eta Umami taldea.

Uxue Kerejetak eskuratu ditu boto gehien. Zumarragako gazteak Xabi Bandini eta Chica Sobresaltoren "Zalantza eta egia" abestiaren piano bertsioa egin du.

Boto gehien jaso dituztenen zerrendan bigarrena Leire Moñux bergararra geratu da. Tatxers iruindar taldearen "Goizean Oskorri" aukeratu du Leirek, eta gitarraz lagunduta, kantaren bertsio akustikoa aurkeztu du gure lehiaketara.

Ane Sarasua eta Iban Isasti getariarrek Miley Cyrusen "Angels Like You" kanta aukeratu dute. Hau izan da webguneko lehen lau sailkatuen artean gailendu den ingelesezko bertsio bakarra.

Azkenik, Umami taldeak Iseo & Dodosounden "Chan Chan" abestia moldatu du, estudioan grabatutako bideoaz lagunduta. Hainbat musika tresna eta ahots bilduta, Iseoren beraren oniritzia izan dute sare sozialetan.

Hurrengo fasea

Publikoak aukeratutako lau lehiakide horiez gain, epaimahaiak beste hainbat cover aukeratu ditu finalaurrekoetan lehiatzeko (finalaurreko bakoitzeko 10). Hautatuek lehiaketara aurkeztutako coverra kalean grabatzeko aukera izango dute, finalaurrekoetarako. ETB1en eta Gaztearen webgunean izango dira ikusgai, maiatzaren 31n eta ekainaren 7an. Finalaurrekoetan, epaimahaikideek 6 lehiakide aukeratuko dituzte final handirako.

Finala eta sariak

Finala ekainaren 14an izango da, zuzenean, ETB1en eta Gaztearen webgunean. Bertan, 6 finalistek zuzenean abestuko dituzte beren bertsioak.

Epaimahaiak erabakiko du nork irabaziko duen 2022ko 'Gaztea Cover' lehiaketa, baina ikus-entzuleen papera ere ezinbestekoa izango da; izan ere, gustuko lehiakidearen aldeko botoa emateko aukera izango da, zuzenean, programaren emanaldian zehar. Hortik aterako da publikoaren sariaren irabazlea.

Epaimahaiaren sariaren irabazleak 2.000 euroko txekea jasoko du musika material profesionala saltzen duen Txirula dendan erabiltzeko, eta 1.000 euro gastatu ahalko ditu toki berean boto gehien jasotzen dituen lehiakideak.