Dantzan

Dantzan

Dantzan

Gaztea Dantzan

24 finalistak aukeratzeko irizpideak

Erredakzioa

Epaimahai batek hautatu ditu Gaztea Dantzan lehiaketako finalerako sailkatu diren hogeita lau koreografiak. Baina zein irizpide izan dute kontuan bideolanak hautatzeko orduan?

WTF MISSY ELLIOT

Oso ondo koordinatutako talde honek energia itzela erakusten du, hip hop estiloa jorratzen duten dantza honetan. Koreografian zehar dauden une libreak ere ederki jantzi dituzte. Jarrera bikaina erakusten dute kameraren aurrean dantzatzean eta interpretazio osoan.

DOWN IN THE DM

Bikote honek duen harmonia ikusgarria da. Dantzari bikainak izateaz gain, ederki interpretatzen dute; keinu guztiak kamerara eskainiz, pantailaren beste aldean dagoen ikuslearekin gertutasuna lortzen dute. Hip hop estiloa jorratu arren, bikote honen koreografiaren zati batek Siaren ‘Chandelier’ lanaren bideokliparen zatitxo bat ekartzen digu gogora, Maddie Ziegler dantzariak egiten dituen keinu batzuk eginez eta oso ondo imitatuz.

KARMIN

Jazz estiloa dantzatzen duen bikote honek lan polita erakusten digu. Dantzaz gain bideo lan honetan istorio bat ikusten da. Dantza egiteko keinu batzuek kasinoan croupier lanetan aritzen direnarenak dirudite. Dantzari onak dira eta oso ondo dantzatzen dute, baina, hobetze aldera, bideolan bat izanik, kamerarekin kontaktu gehiago izatea komeniko litzateke.

TEKNO MILES DANCE

Gaztea Dantzan lehiaketan gutxitan ikusten dugun estiloa, teknoa eta kutsu tribalak dituen musikarekin eginiko dantza. Figura politak sortzen dituzte koreografian zehar, uniformetasuna zainduz eta hautsiz kontraste politak eginez. Hobetze aldera, estilismoa. Kantuaren eta dantzaren estiloa kontuan hartuta, beharbada beste janzkera estilo bat beharko lukeela uste dugu.

DANCE WAVE CREW

Energiaz betetako boskotea da, eta dantza ondo eginda eta planoak ondo erabilita daude. Hobetze aldera, komeniko litzateke mugimenduan dagoen indar berdina erakustea geldirik geratzeko une horietan. Nola lortu? Bada, lurrera begiratu gabe, adibidez. Tarteka, koordinazio arazoak daude, baina, oro har, oso ondo koordinatutako dantza da.

LET ME LOVE

Funky eta break dance estiloetako pausoak erabili dira koreografia honetan. Plano bakarrean eginiko koreografia, irudi aldetik ondo zaindua, eta, dantzari dagokionez, bikaina. Hobetze aldera, atrezzoaren erabilera, kapela botatzeko moduan arreta jartzea edota elementuaren erabilera areagotzea. Dantzari bikain honek Michael Jackson ekarri digu gogora.

ON MY OWN

Konposizio, grabaketa, edizio eta koreografia ederrak. Lan polita geratu da. Musikaren kolpe eta azentuak ondo erabili dituzte, bai irudi aldetik bai eta koreografian zehar.

EVE

Bideo honetako dantzariak bikotea izan arren, nabarmentzekoa da bien artean sortzen dituzten figura paraleloak, altuera ezberdinak erabiliz dotoretu egiten baitute lana.

I, ME AND MY SELF

Jazza eta estilo garaikidea uztartzen dira koreografia honetan. Bikain burutu dute, lerro zuzen bezain dotoreak sortuz. Energia neurri egokian erabiliz, une liriko edo lasaiagoak eta mugituagoak ondo bereizten ditu.

2 A.M.

Lanean dantzari bakarra agertzen bada ere, ederki betetzen du espazio osoa. Jarrera egokia du dantzarako.

DADDY LESSONS

Indartsua, energiaz beteriko koreografia koordinatua. Ideia originala. Nabarmentzekoa da talde ezberdinak dantzan batzen direnean talde hauen artean dauden trantsizioak, baita mugimendu txikiak musikarekin enpastatuta hartzen duten handitasuna. Testuinguru eta estilismo aproposa erabili dute bere osotasunean jazz estiloko koreografia hau egiteko.

TXIMELETA – AXULAR DANTZA TALDEA

Nabarmentzekoa da talde handia izan arren ondo koordinatuta dagoela, eta figura ezberdin eta politak sortzen dituela. Kokalekuen trantsizioa egoki eginez, protagonismoa beste kide batzuek hartzen dute.

GOLDEN DEVILS

Energiaz beteriko koreografia. Dantza ezberdinez eginiko konposaketa honetan, dantzarien indarra nabarmentzen da, bai eta estiloa jorratzeko duten jarrera landua.

DALE AL PLAY

Musikaren tempo eta intentsitate aldaketak koreografian agertu dituzte. Figura dotoreak sortu dituzte, eta ondo burututako simetriak lortu.

TXANTXANGORRILUCK

Euskal dantzak jorratzen duen talde honek Aukeran dantza taldeak lan egiteko duen estiloa du. Hobetze aldera, besoek izan beharreko indarra: nahiz eta besoak igo gabe izan, indarra eta presentzia izan beharko lukete.

PSY DADDY

Koreografia alai, baikor eta koloretsua. Dantzatzeko moduaz gain, interpretatzeko modu bikaina ere nabarmendu daiteke.

THE FEELING PROJECT

Energiaz beteriko taldea da, eta espazioa egoki erabiltzen dute. Jarrera egokia erakusten dute kamera aurrean dantzatzeko.

TEARS

Kanonak, energiaz betetako mugimenduak. Bata bestearekin ondo nahasitako pausoak. Ederki sortutako figurak. Nabarmendu mugimendu eta keinu txikiak handitasunez erabili izana.

SIA – BANG MY HEAD

Oso ondo koordinatutako taldea. Lurzoru finko batean dantzatzean koreografia polit honek zailtasuna duela izan beharko genuke kontuan. Jazz estiloan dantzatutako koreografia freskoa, bizia eta alaia.

PERFECT STRANGERS

Dantza alaia, bizia eta positiboa, energia ona transmititzen duena une oro. Kokaleku aldaketak egiteko trantsizioak eta loturak nabarmendu behar.

KAKORIA

Koreografia sinple batekin, umorezko bideo bat egitea lortu dute. Parodia, kostunbrismoa bezala identifikatuko litzateke, pertsonaia estereotipatuak eta ondo antzeztuak. Originaltasuna nabarmenduko genuke kasu honetan.

B WILD MIX

Figura garbiak, ondo egindako mugimenduak. Ikusgarria taldekideen arteko koordinazioa. Dantzatzean energia handia dute, baina ondo kontrolatzen dute. Nabarmendu kamera aurrean interpretatzeko duten jarrera.

MIND FUSION

Jarrera profesionala erakusten du talde honek. Taula gaineko edo, kasu honetan, kamera aurreko jarrera ikusgarria da. Twerk estiloa jorratzen dute, indar handiarekin eta modu sentsualean landutako koreografia. Hobetze aldera, kontuan izan bideoaren iraupena.

SORRY

Pauso errazak oinarri dituen koreografia alaia eta originala da, eta sinpletasuna nagusi egiten dute bertan.