DJ Lehiaketa

DJ Lehiaketa

DJ Lehiaketa

Final handia Donostian

A. Gaultier, irabazle, Gaztearen 2. DJ Lehiaketaren final handian

A.I. | EITB.EUS

Aipamen bereziko sari bat ere eman du epaimahaiak ezustean, eta hori Mikel GHri egokitu zaio, bere teknikagatik. Entzulearen saria Oier Mendizabal mutrikuarrak eraman du aurten.

3:43

A. Gaultierrek eskuratu du aurtengo Epaimahaiaren saria Gaztearen 2. DJ Lehiaketaren final handian. Adriana Gaultier du izena irabazleak, Tolosakoa da eta 24 urte ditu. Finalean genuen emakumezko bakarra izan da garailea, beraz, eta teknika, jarrera eta musika hautaketa onagatik irabazi du, besteak beste. 1.000 euro, musika nahasteko mahai bat eta Kutxa Kulturren musika jartzeko aukera boltsikoratu ditu A. Gaultierrek.

Epaimahaiak aipamen bereziko sari bat ere eman du ezustean, eta hori Mikel GHri egokitu zaio; bere teknika goraipatu dute epaimahaiko kideek, eta 500 euroko saria eman diote. Bilbotarra da Mikel, eta 23 urte ditu.

Epaimahaiak duela egun batzuk deliberatu zuen zein ziren 2017. urteko ekainaren 30ean Donostiako Dabadaban lehiatuko ziren hiru finalistak (DN Bus, Mikel GH eta Bassdropper). Halaber, entzuleek erabaki zuten finalean izango ziren gainerako bi musikarien izenak. Bost finalistek aurtengo Bilbao BBK Liven musika jarriko dute, set berezi batean.

Giroa oraindik ere gehiago berotze aldera, Las Tea Party eta Telmo Trenor aritu ziren, zuzenean, 'Gaztea Box' saioko Ibon Fernandezek aurkeztutako final handian.

Entzulearen saria

Entzuleen artean, berriz, Oier Mendizabalek (Mutriku, 19 urte) izan du arrakastarik handiena aurten. 500 euro eskudirutan eta 500 euro materialean lortu ditu. Guztira, 369 boto jaso zituen.

Bigarren A. Gaultier sailkatu zen, 237 boto jasota eta hirugarrenari, DN Busi, ia ehun botoko aldea aterata. Azken horrek 142 boto lortu zituen, eta ez zuen lortu finalerako sailkatzea.

Finala, Gaztean

Astelehen gauean (uztailak 3), 22:00etatik aurrera, finalari buruzko saio berezia eskainiko du Gazteak. Dabadaban gertatutakoa irrati bidez entzuteko aukera egongo da asteleheneko saio berezi horretan. Ezin duzu galdu!