gadgetak

Urteurrena

Facebook, 10 urtez sare soziala eginez

Xabi Unanue

2004ko otsailaren 4an jaio zen, Harvardeko ikasleak batzeko gizarte-sare bat bezala. Hasiera batean, gainera, "The Facebook" izena zuen sare sozial horrek.

Ibilbidea, baina, ez zuen bide onetik hasi, kaleratu eta hilabete gutxira epaitegietara eraman zutelako Mark Zuckerberg, sortzailea, ikaskide batzuei kopiatutako ideia izan omen zelako. Hain zuzen ere, hori izan zen The social network filmaren ardatzetako bat.

2006 arte ikasleentzat bakarrik zen sare sozialak mundua konkistatzeari ekin zion. 13 urtetik gorakoentzako sare sozial bihurtu zen, nahiz eta orain 35 urtetik 52ra artekoak diren erabiltzaile gehienak bertan. 1.230 milioi pertsonaren etxea da gaur egun F handia, eta, adituek diotenez, handitzen jarraituko du.

Jokoek ere garrantzi handia izan dute Facebooken historia laburrean. Zynga etxeak, eta horrek garatu zuen FarmVille aplikazioak, besteak beste, jende asko erakarri dute urte hauetan. Nahiz eta jendea aspertu samar dagoen joko hauetaz, oraindik ere garrantzitsuak dira Facebooken.

Mugikorretarako sarbidea ez zen ondo hasi, baina hobetu ahala, erabiltzaileak irabazten joan da pixkanaka. Gaur egun, Interneteko erabiltzaileen % 76k erabiltzen du. Halaber, Paper izeneko aplikazioa garatu berri du, eta laster izango dugu gure artean: Facebooken amaraunean dabiltzan albisteak pilatzeaz arduratuko den aplikazioa izango da.

1.230 milioi pertsona horiek, euren lagunekin edukiak elkarbanatzeaz gain, orri ezberdinetako informazioa partekatzen dute. Facebook for every phone orriak, esaterako, 381 milioi pertsona batzen ditu. Musikarien orriek ere arrakasta handia dute: Rihannaren orrian 85 milioi zale elkartzen dira, eta Eminem eta Shakiraren orrietan, berriz, 81 milioi. Kontuan hartzeko moduko datuak dira.

ERRONKAK

Etorkizunari begira jarrita, erabiltzaileak dira arreta puntu nagusia. Gazteek alde egin dute sare sozialetik, eta hau arazoa izan liteke hemendik urte gutxira, zaharren sare sozial bezala agertuko delako jende aurrean.

Mugikorraren erabilera izango da gakoa datozen urteetan. Gaur egun duen garrantzia ikusita, eta joerak aztertuta, garbi dago jendeak ordenagailua alde batera utziko duela, gailu mugikorrak erabiltzeko. Garaian garaiko aplikazio egokiak sortu ezean, erabiltzaileek alde egingo dute.

Konpetentziari arreta jarri beharko dio Mark Zuckerbergen enpresak, besteek ongi egiten dutena bere sare sozialean gehitzeko eta akatsak ahalik eta azkarren ezabatzeko.

Adituek diotenez, 3 urte geratzen zaizkio Facebooki errege izaten jarraitzeko. Epe hori du erabiltzaileen beharretara egokitzeko eta aplikazio interesgarri bat kaleratzeko. Adi-adi jarraitu beharko diogu F handiaren arrastoari.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea