gadgetak

Ekimen berria

Londresko kabina gorriak telefonoak kargatzeko gune bilakatu dituzte

L.Z. | eitb.eus

Kabina bakoitza egunean 100 telefono mugikor kargatzeko gai izango da. Proposamen horren helburua eguzki-panelak erabilita energia lortzea da.

Londresko telefono-kabina gorriak garai berrietara egokitu dituzte, berriro ere erabilgarri izan daitezen. Hain zuzen, kabinak sakelako telefonoak kargatzeko gune bilakatu nahi dituen ekimen berri bat jaio da Erresuma Batuan. Hala, Solar Box guneei esker, erabiltzaileek bateria doan kargatzeko aukera izango dute.

Telefono mugikorren iraultzak indarra kendu die Londresko kabina ezagunei. Handik kanpo ere, gauza bera gertatu da; hau da, gaur egun oso zaila da kalean mota horretako telefonoak aurkitzea, erabiltzaile gehienok sakelako telefonoak erabiltzen ditugulako. Horrek desagertzeko zorian jarri ditu Londresko kabina gorriak, eta baten batzuk horiei irtenbide bat bilatzen aritu dira.

Hortik jaio da kabinak telefonoak kargatzeko gune bilakatzeko ideia. Proposamen horren helburua eguzki-panelak erabilita energia lortzea da.

BBCren arabera, kabina bakoitza egunean 100 telefono kargatzeko gai izango da, eta 10 minutuz kargatzen izanez gero, bateriaren % 20 kargatu ahal da. Denbora tarte horretan, pantaila baten bidez, erabiltzaileak publizitatea ikusiko du. Publizitate hori izango da, hain zuzen, ekimen honen finantziazio-iturri nagusia.

Kabinen erabilerak aldaketa izango du, beraz, baina diseinuak bere horretan jarraituko du. Hori bai, dagoeneko garai berrietara egokituta dauden kabinak berdez margotu dituzte, berehala identifikatu ahal izateko. Oraingoz, sei kabina baino ez dituzte egokitu.