gadgetak

'App' berria

Facebookek erabiltzaileak anonimoki komunikatzeko aplikazioa landu du

L.Z. | eitb.eus

Hala, benetako izenik eman gabe, erabiltzaileek eztabaida saioetan parte hartu ahal izango dute.

Benetako izenak erabili gabe, hau da, anonimoki, erabiltzaileen arteko komunikazioa ahalbidetuko duen aplikazio berri bat garatu nahian dabil Facebook sare soziala, The New York Times egunkariak jakitera eman duenez.

Facebookeko iturriak aipatuz, "hurrengo asteetan" aplikazioa prest egongo dela ziurtatu du egunkari estatubatuarrak. Dirudienez, sare sozialaren gainerako erremintetatik bereizita egongo da app berri hau, eta aplikazioa deskargatzen duten erabiltzaileei ez zaie benetako izena ematea eskatuko.

Hain zuzen, Secreten edota Whisperren antzeko zerbitzua eskainiko die Facebookek erabiltzaileei. Horrela, eztabaida saioetan parte hartu ahal izango dute, gainerako erabiltzaileek nor den jakin gabe.

Asteazkenean lesbiana, gay, trans eta bisexual (LGBT) elkarteari barkamena eskatu eta egun gutxira heldu da informazio hau. Izan ere, sare sozialak erabiltzen duen identitate politika dela eta, Facebookek benetako izen-abizenak ematera behartu izan ditu orain arte erabiltzaileak, eta horrek haserrea piztu du haien artean.

Irailean sortutako polemikak soka luzea ekarri du. San Frantziskoko (Kalifornia, AEB) hainbat drag queenek Facebook salatu zuten orduan, sare sozial horretan zituzten kontuak blokeatu zizkietelako benetako izenak ez erabiltzeagatik.

Erabiltzaileak benetako izenarekin identifikatzea izan da hasieratik Facebooken politika, anonimatuari izkin egiteko. Erabaki hori, ordea, ez dator bat erabiltzaile askoren ikuspuntuarekin, nahiago dutelako "anonimoki" aritu.

Hori dela eta, The New York Times egunkariaren arabera, jaiotzear den aplikazio berri horrekin arazoari aurre egitea lortuko dute.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea