Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 2024

Ibilbidea

Donibane Garazi, Korrika hartuko duen lehen hiriburua; Bilbo, azkena

L.Z. | eitb.eus

Korrikaren 19. edizioaren ibilbidea aurkeztu dute gaur. Ipar Euskal Herrian emango ditu aurreneko pausoak, eta Bizkaiko hiriburuan sartuko da hamaika egun geroago.

Hamaika egunez, Euskal Herriko bazter guztiak zeharkatuko ditu Korrikak martxoaren 19tik 29ra arte.

Aspaldi iragarri genuenez, Urepelen emango ditu lehendabiziko urratsak euskararen aldeko lasterketak. Hain justu, aipatu udalerriko plazatik aterako dira euskaltzaleak, 17:00ak jota.

Handik, Donibane Garazirako bidea hartuko dute, eta 20:00 pasatxo helduko dira bertara. Maulen, berriz, egun bat geroago sartuko dira, 00:30 aldera.

Besteak beste, Kanbo, Ainhoa eta Dantxarinea bisitatuko dituzte korrikalariek Hego Euskal Herrian sartu orduko.

Ostiralean (martxoaren 21ean), beraz, Nafarroan barrena ibiliko da 19. Korrika, eta herri garrantzitsuak zapalduko ditu Iruñera iritsi aurretik: Elizondo, Atarrabia eta Burlata, kasu.

Hori horrela, iruindarrek, martxoaren 20an, 21:00ak bueltan, jasoko dute lekukoa, eta behin Leitza utzita, gipuzkoarren harrera beroaz gozatuko dute lasterkariek. Horrenbestez, larunbatean Gipuzkoa barnealdeko parajeetatik igaroko dira, eta Nafarroan berriro sartu-irtena egin ondoren, Lapurdirako bidea hartuko dute. Hala, larunbat gauean helduko da Korrika Baionara (23:30ean).

Gainerako hiriburuak hurrengo egunetan bisitatuko ditu; Donostia, adibidez, martxoaren 22an, 21:00etan. Kostaldetik bidea eginez, Goierrira iritsiko da egun berean, eta hilaren 23an Debagoienako txoko gehienetatik pasatuko da, Bizkaian barneratu arte. Lehenik eta behin, barnealdekoei egokituko zaie euskararen aldeko aldarria bideratzea. Geroago, Bizkaiko kostaldeak eutsiko dio "Euskahaldun" leloari.

Arabarren txanda martxoaren 25ean helduko da. Laudio, Amurrio, Trebiñu, Eltziego eta Lapuebla Labarka zeharkatuta, nafarren artean izango da berriro lekukoa. Orduantxe estaliko ditu, oihuz eta aldarriz, hegoalderen dauden herriak. Behin martxa hartuta, Nafarroako lurrak utzi eta Arabako lautadetan entzungo dira pausu-hotsak martxoaren 28tik aurrera. Egun horretan bertan Gasteizko lurretatik egingo du ibilbidea, eta Arratiarantz abiatuko da.

Tipi-tapa, martxoaren 29an iritsiko da helmugara 19. Korrika. Oraingoan, Bilbon jasoko du merezitako gorazarrea. Arangoiti auzotik sartu, eta bost orduko bidea eginda, Arriagan bukatuko da lasterketa, 12:30ean.

Ikusi hemen IBILBIDEA