Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 2024

Otxandio-Iruñea

Korrikak gonbita luzatu du hiztunen berdintasunaren jaira

Eitb.eus

20. Korrikaren xehetasunak eman dituzte antolatzaileek, poesia, bertso, musika eta “BatZuk, euskararen lau aurpegi” dokumentalaren bidez.

Ostegun honetan, martxoak 23, 20. Korrikaren xehetasun guztiak eman dituzte Bilbon, poesia, bertso, musika eta “BatZuk, euskararen lau aurpegi” dokumentalaren bidez. Aurtengo edizioa hasteko astebete besterik ez da falta, eta arlo sozial, kultural, sindikal eta politikoko egile andana bildu da Korrikaren aurkezpen sozialean.

Asier Amondo Korrikaren arduradunak esan du ordua heldu dela “Euskal Herri osotik, gelditu gabe, Iruñeko bukaeran ezagutuko den mezu ezkutuaren lekukoa eskutik eskura ibiltzen hasteko”. Bestalde, lasterketa erraldoian sortzen den elkarlanaren ideia azpimarratu du Mertxe Mugikak, AEKren koordinatzaile nagusiak: “Gure erronka elkarrekin egitasmo bat garatzea da, hurrengo Korrika baino lehen bidea eta helmuga idatzita egon daitezen; hori bailitzateke ekarpenik onena BatZuk indartsu eta zabal bat eraikitzeko!”.

Oholtzara Gotzon Barandiaran olerkaria eta Irati Erkizia bertsolaria igo dira, beste hizkuntza batean jaio eta euskarara hurbildu diren lau ikaslerekin batera: David Cascan, Albae Morrell, Anna Paola Loi eta Aziz Messaoudi.

Besteak beste, eragile eta ordezkari hauek bertaratu dira, arloka: erakundeak (Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Bingen Zupiria kultura sailburua eta Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundietako, HABEko, EHUko eta Euskaltzaindiko ordezkariak); eragile politikoak (Andoni Ortuzar EAJren lehendakaria eta EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSE-EE alderdietako ordezkariak); herri mugimendua (Bilboko Konpartsak, Gure Esku Dago, EH 11 Kolore, Etxerat, EHIGE, BIGE); sindikatuak (ELA, LAB, EILAS, CCOO); euskalgintza (Kontseilua, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Bai Euskarari, Ikastolak eta euskaltegietako ordezkariak) eta eragile kulturalak eta artistak (Porrotx pailazoa, Ilaski Serrano telebista-aurkezlea, Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko kidea, Bertsozale Elkartea, Elkar, EIDABE).