Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 2024

Apirilak 4

Donostiatik igaro da Korrika

I.A. | eitb.eus

Lau ordu eta erdiz izan da hiriburuan Korrika. Bidebietatik sartu da, eta Añorgatik Usurbil aldera joan da.

Dagoeneko sei egun daramatza Korrikak euskararen alde Euskal Herriko herri eta hirietako kaleak zeharkatzen. Gaua Nafarroan igaro ondoren, astearte honetan, apirilak 4, gipuzkoarrek pozez eman diote ongietorria lasterketari. Goizeko lehen orduan Tolosaldean barrena ibili dira korrika egiten, eta, jarraian, Hernani eta Astigarragaren txanda iritsi da. Denborarik galdu gabe, Oarsoaldean sartu da 20. Korrika.

Iparralden kilometro batzuk egin ostean, Irundik Gipuzkoara bueltatu da lasterketa. Hendaia eta Irun artean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hartu du lekukoa. Beste agintari batzuk ere izan dira bertan, hala nola, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria edota Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Santiago zubian (Lapurdi eta Gipuzkoa artean) lasterketa herrikoiak 1.198. kilometroa egin du. Eusko Jaurlaritzak kilometro hori "berezia" izan dela azaldu du ohar baten bidez, horren bidez "euskararen inguruko batasuna eta lankidetza ordezkatu" nahi izan baitute.

"Euskaraz hitz egiten duten lurraldeak zeharkatzen ditu Korrikak, hamaika egunez", esan du Zupiriak. Ildo horretatik, lasterketa horren garrantzia nabarmendu du, eta, bidean, "(Korrikak) oso egoera soziolinguistiko ezberdinak" aurkitzen dituela azpimarratu du.

Hala, "euskararentzat zailagoak diren lekuetan lasterketak arnasa eta festa" giroa dakarrela esan du Bingen Zupiriak. "Ilusioa darama leku horietara, euskarari lotutako ilusioa, eta euskararentzat errazagoa izango den etorkizun bat pentsatzera garamatza", gaineratu du.

"Azken hamarkadotan lortu dugu euskara gutxiago hitz egiten zen tokietan egoera aldatzea, eta oso bilakaera positiboa izan dugula harro esan dezakegu. Hori posible izan da gizarteak euskararen biziberritzearekin bat egin duelako", esan du Zupiriak.

Ondoren, Korrika Gipuzkoako hiriburuan sartu da, Bidebieta auzotik. 18:00ak aldera, ETB1eko ‘Gu Ta Gutarrak’ saioko lan-taldeak lekukoa hartu du. Gutarrekin batera, Julen Telleria, Amaia Puertas eta Txurru euskararen aldeko lasterketan izan dira. Denek bat eginez, Elosegi hiribideko biribilgunetik hasita Pasai Antxorako bidea hartu dute.

Geroago, 21:40ak aldera, Eneko Goia Donostiako alkateak hartu du lekukoa, beste talde politikoekin eta Eider Mendoza Gipuzkoko Batzar Nagusien presidentearekin batera. 22:30ak aldera, Gipuzkoako hiriburua atzean utzi eta Añorgatik Usurbilerantz igaro da Korrika.

ong>