X-gaztea maketa lehiaketa-X

X-gaztea maketa lehiaketa-X

Maketa Lehiaketa

Txopet, 2022ko Maketa Lehiaketaren irabazlea

5.000 euroko saria eskuratuta, Bilbao BBK Liven jotzeko aukera izango du talde bilbotarrak. Ithaka taldeak eraman du GazteBizHitza Saria (entzuleen saria), eta Harrobia Saria, Xanderrentzat izan da.

Txopet da 2022ko Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazlea, Jimmy Jazz aretoan eskaini duen emanaldiari esker.

21:00ak aldera aurtengo finalistak oholtza gainera igo dira euren kantuak abestera. Xander, Ttiritt, Txopet eta Ithaka artistek bertara gerturatu den jendeari euren % 100 erakutsi diete, eta pasioz aritu dira gehien gustatzen zaiena egiten: musika.

Ttiritt izan da 2022ko final handia ireki duen artista. Lagun baten konpainiaz, aretoa girotu du eta berehala jarri du publikoa saltoka.

Atzetik, Txopet hirukote bilbotarra. Euren emanaldia hitz bakar batean laburbildu beharko balitz, energia izango litzateke hitz egokiena.

Xander izan da hirugarren protagonista. 16 urteko musikaria ez da gelditu eszenatokian, eta publikoak ere hala egin du. Hyperpop estiloari esker, Jimmy Jazzera gerturatu den orok mugitu du eskeletoa.

Azkenik, Ithaka taldeak ezinhobe amaitu du gaua. Entzuleen Saria irabazi dute, eta hori argi egon da gaurkoan, alegia, ikusleen artean jarraitzaile sutsuak izan dituzte.

Lau kontzertuak emanda, Izaro Andresek, Julen Idigorasek eta Lorea Argaratek osatutako epaimahaiaren txanda iritsi da. Eztabaida labur baten ondoren, hitza hartu eta aurtengo irabazlearen berri eman dute: Txopet izan da gaueko musikaririk onena. Bizkaitar taldeak epaimahaikidearen eskutik jaso du 5.000 euroko saria eta 2022ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera.

Beste bi sariak

Entzuleen Saria Ithaka Orioko eta Zarautzeko taldeak eskuratu du. Gazteako entzuleek webgunean emandako botoei esker, 2.500 euroko Gazte BizHitza saria lortu du.

Halaber, Oso Polita diskoetxeak sari berezia banatu du: Harrobia Saria. Xander izan da aukeratua, eta lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango du.