Albisteak

Gonbidatu bereziak

La Oreja de Van Goghek egin du Astigarragako lehenengo 'txotx!'a

Erredakzioa

La Oreja de Van Gogh musika taldeko kideak izan dira irekiera-ekitaldiko protagonistak, Astigarragako Petritegi sagardotegian.

1:36
La Oreja de Van Gogh txotx

La Oreja de Van Gogh Sagardo Berriaren Eguneko protagonista izan da gaur. Izan ere, Astigarragako sagardo denboraldia ireki du talde donostiarrak Petritegi sagardotegian, sagardoari eskainitako aurreskuaren ostean. Leire Martinez eta bere taldekideek egin dute "txotx" denboraldiaren irekiera, eta "Gure Sagardo Berria" lelopean aurkeztu dute 2012ko uzta.

Astigarragako sagardo garaiari hasiera eman ostean, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek bertso bana eskaini dizkiete ekitaldiko protagonistei, sagardoari eta La Oreja de Van Gogh taldeko musikariei.

Haien atzetik, Petritegi sagardotegiko gonbidatuek (Astigarragako gainerako sagardotegietako arduradunak, etab.) egin dute 'txotx', sagardoa dastatzeko, eta hiru hilabete luzeko denboraldiari ekiteko.

Ekitaldiak goiz osoan

Eguneko lehen ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi da Sagardoetxean, Andoni Gartzia Astigarragako alkatearen aurkezpenarekin. Jarraian, sagarrondo berri bat landatu dute, naturaren eraberritzearen seinale gisa.

Ondoren, gonbidatu guztiak Petritegi sagardotegira joan dira, denboraldi berriko sagardoari ongietorria eman eta elkarrekin ospatzera.

Ekoizpena

Sagardun sagardo ekoizleak biltzen eta sagardoaren kultura sustatzen duen partzuergotik azaldu dutenez, 2012an 10 milioi litro sagardo ekoiztu dira 2012an, aurreko urteetan bezalaxe.

Ekoizpenean aldaketa handirik izan ez bada ere, "irregularra" izan omen da uzta, sagar gehiena Tolosa eta kosta arteko eremuan bildu delako.

Aurtengo sagardoa hori-berdexka dela azaldu du Jose Angel Goñi Sagardunen bozeramaileak. Era berean, "txinparta" duela, "gorputz handikoa" dela eta "mikatz puntua" duela aurreratu du.

Aurreko urtean udaberria ezea izan zen, eta horrek eragina izan zuen polinizazioan, eta udan bero handia eta lehortea izan zenez, sagarrondoak "estres maila gorenera" iritsi ziren.

Gainera, udazkeneko euriteei esker, sagarrak behar zuen pisua eta azukreak hartu zituen bilketaren aurretik. Ondorioz, "espero baino hobea" atera omen da zukua.