Albisteak

Diskoa eta bira

Ken Zazpi, bertsio sinfonikoan

Ken Zazpik eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bat egingo dute zazpi kantutan. Disko bat kaleratuko dute elkarrekin eta bira ere egingo dute, abenduan.

1:33

Pop-rocka eta musika sinfonikoa, desberdinak bai, baina ez dira inolaz ere etsai. Azken adibidea, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Ken Zazpi taldeak eskainiko dute, disko modura zein kontzertu bidez. Lehen entseguetan dabiltza, orkestraren egoitzan.

Doinu eta kanta ezagunak egingo zaizkio askori, baina ez hainbeste moldea. Bi urteko lanaren emaitza da Euskadiko Orkestrak jaso berri duen partitura, eta gaur hasi dira grabatzen. Eñaut Elorrietaren ustez, luxuzko erronka da, bereziki krisi garaiotan.

Baina ez da batuketa huts bat izango. Uztarketa on baten bila egin dute ahalegin handiena, eta zazpi kantu ezagunen moldaketez gainera, hiru guztiz berriak izango dira.

Aukeran, zuzendari eta armonizatzaile gaztea eta euskalduna nahi zuten, eta lankidetza estua egin dute batez ere zine munduan ospetsu bihurtu den Fernando Velazquez getxotarrarekin.

Miramongo egoitzan hasi, Elkar argitaletxearen estudiotan jarraitu, eta azarorako kalean izango da diskoa, eta abenduan barrena bost kontzertu Euskal Herrian barrena, eskuz esku Orkestra Sinfonikoarekin, inolako beldur eta erreparorik gabe.

KlasikAT zikloaren baitako kontzertuak izango dira: Kursaalen abenduaren 3an, Iruñeko Baluarten abenduaren 4an, Bilboko Euskaldunan 5ean eta Gasteizko Antzoki Zaharrean 12an. Amaitzeko, Donibane Garaziko Jai Alain izango dira, abenduaren 13an.