Albisteak

Iragarpena

Lori Meyers, The Wombats eta Columpio Asesino, Kutxa Kultur jaialdian

I.U.

Igeldoko jolas parkeko jaialdian, Toy eta Reptile Youth taldeak ere izango dira irailaren 5ean eta 6an.

Abian da aurtengo Kutxa Kultur Festibala, eta lehen iragarpenak ezagutzen hasi gara. Oraingoz, honako talde hauen parte hartzea baieztatu dute antolatzaileek: The Wombats, El Columpio Asesino, Toy, Lori Meyers, Reptile Youth eta Kokoshca.

El Columpio Asesino taldeak Ballenas muertas en San Sebastián ekarriko du, eta, aurrerapen gisa, 'Babel' kantua aurkeztu dute iruindarrek. Kokoshca ere Nafarroako hiriburutik iritsiko da Donostiara, irailean. Halaber, Lori Meyers andaluziarrek Impronta diskoan bildutako melodiak eskainiko dituzte zuzenean.

The Wombats taldea Liverpool hiritik etorriko da, eta estudioko hirugarren diskoa aurkeztuko digute. Bestalde, Toy britainiarren proposamenek ere girotuko dute Igeldoko jolas parkea, psikodelia zein kraut rock eta shoegaze estiloak uztartuta. Horiez gain, Reptile Youth daniarrek udaberrian argitaratuko duten lan berria aurkeztuko dute Donostian.

Sarrerak

Beraz, horiek guztiek hitzordua izango dute Igeldoko jolas parkean irailaren 5ean eta 6an, jaialdiaren hirugarren edizioan. Sarrerak martxoaren 18an ipiniko dituzte salgai: bonua (32 euro + gastuak) eta egun baterako sarrera (20 euro + gastuak). Jaialdiaren webgunean, Ticketmaster eta Kutxa web atarietan erosi ahal izango dira.