Albisteak

Irailean, Donostian

Salgai daude Kutxa Kultur Festibala jaialdirako sarrerak

Luzia Zugadi

!!! (CHK CHK CHK) eta Wild Beasts Kutxa Kulturren arituko direla iragarri zuten atzo antolatzaileek. The Wombats, El Columpio Asesino, Toy, Lori Meyers, Reptile Youth eta Kokoshca ere izango dira.

Salgai daude Kutxa Kultur Festibala jaialdirako sarrerak. 32 euroren (+ banaketa gastuak) truke eskuratu daiteke bonua, eta egun baterako sarrerek 20 euroko (+ banaketa gastuak) prezioa dute.

Jaialdiaren webgunean, Ticketmaster eta Kutxa web atarietan eros daitezke sarrerak.

Dagoeneko antolatzaileek iragarri dituzte irailaren 5ean eta 6an Donostian egongo diren hainbat talderen izenak. !!! (CHK CHK CHK),  Wild Beasts, The Wombats, El Columpio Asesino, Toy, Lori Meyers, Reptile Youth eta Kokoshca arituko dira hain zuzen ere Igeldoko jolas parkean.

El Columpio Asesino taldeak Ballenas muertas en San Sebastián ekarriko du, eta, aurrerapen gisa, 'Babel' kantua aurkeztu dute iruindarrek. Kokoshca ere Nafarroako hiriburutik iritsiko da Donostiara, irailean. Halaber, Lori Meyers andaluziarrek Impronta diskoan bildutako melodiak eskainiko dituzte zuzenean.

The Wombats taldea Liverpool hiritik etorriko da, eta estudioko hirugarren diskoa aurkeztuko digute. Bestalde, Toy britainiarren proposamenek ere girotuko dute Igeldoko jolas parkea, psikodelia zein kraut rock eta shoegaze estiloak uztartuta. Horiez gain, Reptile Youth daniarrek udaberrian argitaratuko duten lan berria aurkeztuko dute Donostian.

Kontzertuak, egunez egun

Ostirala (irailak 5)
THE WOMBATS
WILD BEASTS
LORI MEYERS
TOY
...eta beste hainbat talde
Larunbata (irailak 6)
!!! (Chk, Chk, Chk)
REPTILE YOUTH
EL COLUMPIO ASESINO
KOKOSHCA
…eta beste hainbat talde