Albisteak

Disko berria

Fermin Muguruzak ekoitziko du Tania De Sousaren bakarkako lehen diskoa

Luzia Zugadi

Zuloak taldeko abeslari izandakoaren aurreneko lanari buruzko xehetasun gehiagorik eman ez duten arren, badirudi diskoak irailean ikusiko duela argia.

Proiektu berri batean murgilduko dela iragarri berri du Fermin Muguruza abeslariak, sare sozialen bidez. Hain zuzen ere, Zuloak eta The Dispositives taldeetako abeslari izandakoaren bakarkako aurreneko lana ekoizteaz arduratuko da musikari irundarra. Tania De Sousak udazkenean kaleratuko du lehenengo diskoa.

Aurretik, apirilaren amaieran, crowfunding kanpaina abiatuko dute Verkami plataformarekin batera, diskoaren finantzazioari aurre egiteko. Maiatzean, Tolosako Bonberenea estudioetan sartuko dira, eta Karlos Osinaga "Txap" Lisabo taldeko soinu ingeniariarekin arituko dira lan berria grabatzen.

Fermin Bouza, Ander Del Sol eta Maitane Alonsok osatuko dute Tania De Sousaren taldea.

Oraindik ez dute proiektu berriari buruzko xehetasun gehiagorik eman, baina aurreikusitakoaren arabera, irailean helduko da diskoa.