Albisteak

Kontzertuak, Donostian

Selektah Stepi, Tania de Sousa eta Skakeitan, Manu Chaoren gonbidatuak

Luzia Zugadi

Uztailaren 9an, Zurriolako Hondartzan arituko dira talde hauek, 20:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da.

Uztailaren 9an Manu Chao Donostian arituko dela eman genuen jakitera, duela bi aste. Donostiako Piratek antolatuta, Zurriolako hondartzan izango da Manu Chao, jai herrikoien alde antolatutako egunean.

Egun batzuk geroago, oholtza gainean lagun izango dituen talde gonbidatuen izenak iragarri ditu antolakuntzak. 20:00etan ekingo diete zuzenekoei, eta Selektah Stepiren (Bad Sound System), Skakeitanen eta Tania de Sousaren bisita jasoko du egun horretan Gipuzkoako hiriburuak.

Sarrera doakoa izango da, Donostiako Piraten filosofiak debaldeko ekimenen aldeko apustua egiten baitu. Gainera, kontzertuak ez ezik, bestelako ekintzak ere egongo dira, eta aurki emango dute egitarau osoaren berri.