Albisteak

Barakaldon, udazkenean

The National, BIME Live jaialdiko bigarren kartelburua

Luzia Zugadi | eitb.com

Urriaren 31n eta azaroaren 1ean BEC erakustazokan egingo duten jaialdian, Imelday May eta beste hainbat artista ere arituko dira.

BIME Liven izango diren hainbat artista eta talde baieztatu dituzte azken egunotan antolatzaileek, eta gaur zortzi iragarpen berri egin dituzte; tartean, hurrengo edizioko kartelburua izango den The National taldearena.

1999an Cincinnatin (Ohio) jaiotako boskote estatubatuarrak Alligator estudioko bosgarren lanari esker lortu zuen mundu mailan ezaguna egitea. Disko hori Urteko Disko Onenaren zerrendetako aurreneko tokietan sailkatu zuten hainbat komunikabidek. Harrezkero, beste hiru proiektu argitaratu dituzte; azkena, Trouble Will Find Me (2013).

The National ez ezik, Placebo, Mogwai, Basement Jaxx eta Mando Diao ere arituko dira, urriaren 31n eta azaroaren 1ean, Barakaldoko BEC erakustazokan.

The Divine Comedy taldearen zuzenekoa ere emanaldi aipagarrienen artean dago. 1988an Neil Hannonek bultzatutako proiektuan nabaria da The Smiths eta Electric Light Orchestra taldeen eragina.

Bestalde, Imelda May abeslari irlandarra, The Orwells, Fuel Fandango, La M.O.D.A, Smile, The Weapons eta Kometa taldeen kontzertuak iragarri dituzte gaur.

Sarrerak

Uztailaren 14ra arte eskuragarri egongo da Bime Live jaialdirako bonu berezia. 49 euroan (+ 3 euro, banaketa gastuengatik) dago salgai kontzertu guztietara joateko aukera eskaintzen duen bonu hau.

Sarrerak ohiko salmenta-puntuetan eros daitezke: Kutxabank sarean, Kutxaren webgunean, Vital Kutxarenean, Ticketmaster sarean, www.Itinews.net webgunean, 902 15 00 25 telefonoan, FNACen, Carrefourren, Halcon Bidaiak agentziaren bulegoetan eta www.atrapalo.com eta www.ticketea.com atarietan.