Albisteak

Aste Nagusiko egitaraua

Russian Red, Eñaut Elorrieta, Leiva eta Gaztea Gaua, Bilboko jaietan

Luzia Zugadi | eitb.com

Doctor Deseo, Travellin' Brothers, Malú, Abraham Mateo, Antonio Orozco eta beste hainbat arista eta talderen kontzertuak ere hartuko ditu Aste Nagusiak. Bestalde, 'Gaztea Gaua' ezustekoz beteta dator.

Abuztuaren 16an abiatuko da Bilboko Aste Nagusia, eta bederatzi egunetan zehar 300 ekitalditik gora egongo dira, adin eta gustu guztietako pertsonei zuzenduta.

Musikari dagokionez, kontzertu gehienak kalean egingo dituzte eta doakoak izango dira. Zortzi agertokitan banatuta, musika estilo ezberdinak entzungo dira Bizkaiko hiriburuan. Europa Parkeak, adibidez, gazteentzako emanaldiak hartuko ditu, eta Bilborock aretoak, Bilboko pop-rock taldeen zuzenekoak.

Europa Parkeko kontzertuak

Esan bezala, gazteek Txurdinagako parke horretan dute hitzordua Aste Nagusian. 10.000 metro karratuko eremuan, 20:00etatik aurrera, musika emanaldiak egongo dira hainbat egunetan. Besteak beste, Abraham Mateo, Antonio Orozco, Sweet California eta Carlos Jean arituko dira bertan. Gainera, abuztuaren 22an 'Gaztea Gaua' antolatuko dugu, eta ezustekoz betetako uneak biziko ditu publikoak, bi talde garrantzitsuren emanaldiak izango baitira (laster iragarriko ditugu).

Abandoibarra

Guggenheim Museotik gertu ere ez da musikarik faltako. Los Planetasek irekiko du hango musika zikloa, abuztuaren 16an, eta hurrengo egunetan, Doctor Deseo, Malú, Mecanoren musikala, Korrontzi, Sara Baras, Leiva, Juan Zelada eta Russian Red igoko dira oholtza gainera.

Plaza Berria

Eñaut Elorrietaren eta Travellin' Brothersen kontzertuak dira Plaza Barriko emanaldien artean aipagarrienak. Lehena, abuztuaren 19an ikusiko dugu, eta Travellin' Brothers Big Band, hilaren 22an.

Bestalde, aurki ezagutuko dugu Bilboko konpartsen egitaraua.