Albisteak

Uztailaren 11n, Bilbon

Gojira taldea izango da Kristonfest jaialdiko kartelburua

L.Z. | eitb.eus

Baionako metal taldearekin batera, Childrain gasteiztarrak arituko dira aipatu jaialdian. Bi talde gehiago falta dira iragartzeko, baina sarrerak salgai daude jada.

Orain arte stoner soinuak oinarri izan dituen Kristonfest jaialdiak aurtengo edizioko kartelaren aurrerapena aurkeztu du. Gaur iragarritakoaren arabera, mundu mailan puntako metal musikarien artean dagoen Gojira death metal taldea izango da aurtengo edizioko kartelburua.

Joey eta Mario Duplantierrek zuzentzen dute Gojira, eta 20 urteko ibilbidea egin dute jada musikaren munduan. Besteak beste, Metallica, Mastodon eta Slayer taldeekin igo dira agertoki gainera, eta egun estudioko seigarren diskoa ari dira grabatzen.

Udan Euskal Herrian duten aipatu hitzorduan, Childrain gasteiztarrekin batera arituko dira.

Bilboko Santana 27 aretoan egingo dute Kristonfest jaialdiaren laugarren edizioa, uztailaren 11n, eta sarrerak salgai daude jada.