Albisteak

Baieztapen ofiziala

Pearl Jam Bilbao BBK Liven arituko da uztailaren 9an

Garazi Urdanpilleta

Last Tour Internationalek iragarri duenez, jaialdiaren 5. edizioa uztailaren 8an, 9an eta 10ean egingo da. Abenduaren 17an 3 egunetarako bonu bereziak jarriko dituzte salgai 95 euroren truke.

Azken egunetan blogosferan zebiltzan zurrumurruak baieztatu egin dira azkenean:Pearl Jam talde estatubatuarra izango da Bilbao BBK Live jaialdiko izar nagusia. Last Tour International enpresak, Bilbao BBK Live jaialdiaren antolatzaileak, eguerdian egin du Bilbon jaialdiaren 5. edizioari buruzko lehen xehetasunak jakinarazteko prentsaurrekoa. Bertan zehaztu dutenez, uztailaren 8an, 9an eta 10ean egingo da jaialdia Kobetamendin eta Eddie Veder eta bere taldeak uztailaren 9an aurkeztuko ditu bertan Backspacer disko berriko doinuak.

Last Tour Internationalek adierazi duenez, abenduaren 17an jailadiaren 3 egunetarako bonu bereziak jarriko dituzte salgai 95 euroren truke BBK sarean (kutxazain zerbitzuanitzetan, BBK bulegoetan, BBKren webgunean eta 944 310 310 telefonoan). Eskaintza berezi hori urtarrilaren 25era arte egongo da indarrean.

Seattlego taldeak 2010eko udan bira egingo du Europan 11 data ofizial jakinarazi dituzte jada ekainaren 22tik uztailaren 10era bitartean eta uztailaren 4an Belgikan eta 10ean Portugalen emango dituzten kontzertuen artean izango dute hitzordua Bilabo BBK Liven boskote estatubatuarrak.

Ez da Pearl Jam taldea Euskal Herrian arituko den leen aldia. 2006an Azkena Rock jaialdian izan zen taldea eta 1996an eta 2000n, berriz, Donostian, Anoeta Belodromoan, eman zuten kontzertua.