Albisteak

Jaialdiaren 5. edizioa

Rammstein, Bilbao BBK Liven

Talde alemaniarra izango da uztailaren 8tik 10era egingo da jaialdiko bigarren kartelburua. Bestalde, gaur jarri dira salgai jaialdirako 3 egunetako bonu bereziak 95 euroren truke.

2010eko Bilbao BBk Live jaialdiko bigarren kartelburua iragarri du Last Tour Internationalek: Rammstein. Talde alemaniarrak BEC bete zuen azaroaren 14an eta uztailean, berriz, Kobetamendi astinduko du bere doinu metaleroekin. Gainera, gaur jarri dituzte salgai Bilbao BBK Liveko 3 egunetarako bonu bereziak. 95 euroren truke daude eskuragarri BBK sarean.

Pearl Jam talde estatubatuarraren parte-hartzea baieztatu zuen jaialdia antolatzen duen empresa bilbotarrak duela aste batzuk. Till Lindermannen taldea jaialdiaren 5. edizioko talde nagusietako bat izango dela baieztatu ostean, hirugarren kartelburua soilik faltako litzateke.


Rammstein talde alemaniarra Liebe ist für alle da disko polemikoa esku artean hartuta iritsiko da urte batean bigarrenez Bizkaira. Estudioko seigarren lan horretako lehen singlearen bideoklipa eta zenbait abesti munduko hainbat herrialdetan zentsuratu dituzte pornografikoak, sadikoak eta masokistak direlako, baina badirudi zalaparta horiek seikotearekiko interesa areagotu baino ez duela egin. Esaterako, BECen eman zuten kontzerturako sarrera guztiak agortu egin ziren.

Zuzeneko ikusgarriak eskaintzen ditu beti taldeak, piroteknia eta sua eta txirpantak isurtzen dituzten maskarak, baketak, gitarrak eta mikroak erabiltzen baitituzte. Rammsteinen ikuskizun sutsua izango da beraz, 2010eko Bilbao BBK Live jaialdiko protagonistetako bat.