Albisteak

Jaietako egitaraua

Kontzertuz beterik datoz sanferminak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Ze Esatek!, Skakeitan, Altxatu, Gose, Zea Mays, Def Con Dos eta Emon arituko dira Gora Iruñea gunean. Udalak ere hainbat zuzeneko iragarri ditu.

Atzerako kontaketan sartuta daude iruindarrak. Izan ere, hogei egun barru prest egongo da Nafarroako hiriburua bederatzi eguneko festa-giroari aurre egiteko.

Gora Iruñea jai guneak prest du dagoeneko egitaraua, eta kontzerturik ez da faltako uztailaren 6tik 14ra bertan.

Lehenengo egunean, uztailaren 6an, Brigada Improductiva, Ze Esatek!, Porco Bravo eta Skakeitan igoko dira taula gainera; uztailaren 7an, Kop, Khous eta Hibakusha; uztailaren 8an, Altxatu, Juantxo Skalari eta Gose, eta uztailaren 9an, Nekez eta La vamos a liar.

Uztailaren 10ean ere musika izango dira nagusi Iruñean, Muskharian, Afu eta El Sonido de la Metralla arituko baitira, eta Timbakada, Su Ta Gar, Iheskide eta Yo No Las Conozco taldeen txanda izango da uztailaren 11n.

Festetako azken hiru egunetan, askotariko doinuek hartuko dute lekua. Uztailaren 12an, adibidez, Elenco, Aberri Txarrak eta Gatillazo; uztailaren 13an, Katez, Zea Mays eta Emon, eta azken egunean, uztailaren 14an, S.Curro & Papa Wilson, La Basu, Def Con Dos, Dos Tenores eta Raperos de Maus.

Bestalde, Udalak antolatuta, zuzenekoak egongo dira Foruen Plazan eta Gazteluko Plazan. The Original Wailers, Nancy Rubias, Boni, La MODA, M-Clan eta Siniestro Total igaroko dira lehenengotik, eta, besteak beste, Play de Game (Queen taldearen bertsioak egiten dituen taldea), Amparo Sanchez, Celtas Cortos eta Fundación Toni Manero izango dira bigarrenean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • San Fermin jaiak