Albisteak

Esto no es Rock Radical Vasco

Urrian ekingo diote Eskorbuto, La Polla eta Kortaturen omenezko birari

EITB.EUS

"Esto no es Rock Radical Vasco" kontzertu-birak Gasteiz, Iruñea, Bermeo eta Donostia bisitatuko ditu, urria eta abendua bitartean.

"Esto no es Rock Radical Vasco" birak Euskal Herriko hainbat udalerri zapalduko ditu urritik aurrera. Ikuskizun ibiltari horrek lau geldialdi baieztatu ditu oraingoz, baina aurrerantzean kontzertu gehiago iragarriko dituzte, Bifm aldizkariak zabaldu duenez.

Gaur-gaurkoz Gasteiz, Iruñea, Bermeo eta Donostia dira 80ko eta 90eko hamarkadetako aipatu taldeen bertsioak hartuko dituzten herriak. Horretarako, Los Demenciales, Chicos Acelerados, Hijos de Tu Iglesia eta Kolpatu igoko dira oholtza gainera. Gainera, ezustekoz betetako emanaldiak izango direla aurreratu dute.

Vitamin Producciones biraren antolatzaileek esandakoaren arabera, "gure historia kulturala oroitzeko eta balioesteko bide izango dira kontzertuok, baita gazteak hamarkada horietara gerturatzeko makulu ere".

Datak

Urriaren 24an Gasteiz zapalduko dute. Azaroaren 21ean, berriz, Iruñean egongo dira, eta abenduan bi hitzordu izango dituzte: hilaren 12an, Bermeon, eta hilaren 18an, Donostian.