Albisteak

Nobedadeak

Doctor Deseoren disko berria martxorako helduko da

Igual y diferente. Una mirada distinta izenburua izango du bilbotarren estudioko lan berriak.

Doctor Deseo talde bilbotarra disko berriaren grabazioan murgilduta dabil egunotan, Cesar Ibarretxe teknikariaren gidaritzapean.

Aurreikusitakoaren arabera, martxorako argitaratuko dute Igual y diferente. Una mirada distinta izenburupean iritsiko den estudioko proiektu berria. Horrek CDa, DVDa eta liburua jasoko ditu.

Guztira, hamalau lan kaleratu dituzte orain arte. Horietako azkenak, Busco en tus labios. Lo mejor del deseok, 2014an ikusi zuen argia, Baga Bigaren eskutik, eta oraingo honetan ere aipatu diskoetxearekin argitaratuko dute diskoa.

Esan bezala, gutxi gorabehera bederatzi abesti berri izango ditu, eta erosleek DVDa hartuko dute opari, non 2014an Bilboko jaietan emandako kontzertuko 13 abesti jasoko diren, baita Lekeition urte berean eskainitako zuzenekoan grabatutako hiru kantu ere.

Oraingoz ez dute lan berriaren gaineko xehetasun gehiagorik eman, baina, ziur asko, diskoa kaleratu eta gutxira agertoki gainera igoko dira berriro Francis eta taldekideak.