Albisteak

Jaialdia

The Long Ryders, The James Hunter Six eta WAS, MAZ Basauri jaialdian

EITB.EUS

Apirilaren 29ko eta maiatzaren 7ko asteburuetan egingo dute jaialdia. Sarrerak ostegunean jarriko dituzte salgai.

The Long Ryders, The James Hunter Six, La M.O.D.A, WAS (We Are Standard zena) eta Dan Stuart dira MAZ Basauri jaialdiaren bosgarren edizioaren egitarauan nabarmentzen diren izenetako batzuk. Udalerri bizkaitarreko jaialdia Basauriko Udalak eta Social Antzokiak sustatzen dute, eta apirilaren 29an hasi eta maiatzaren 7an bukatuko da, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Horrela, apirilaren 29an, nazioarteko hiru artista handi izango dira: The Long Ryders, The James Hunter Six eta Dan Stuart. The Long Ryders 1980ko hamarkadan Los Angelesen sortutako Paisley Underground soinuaren ordezkari esanguratsuenetarikoak dira.

Apirilaren 30ean, eguerdian, hasiko dira kontzertuak, kalean, TxikiMAZ jaialdiaren haurrentzako programazioarekin. Beti bezala, doan, guraso eta seme-alabek egun horretarako propio sortutako ikuskizun batekin gozatzeko aukera izango dute. Gacela Thompson talde bilbotarrak (martxoan aterako du disko berria) eta "Txiki Txiki Rock" euskara hutseko antzezlanak osatuko dute TxikiMAZ 2016.

19:00etan, doan eta kalean, Boogie Riders eta Joseba Irazoki eta lagunak izango dira ikusgai, eta 21:30etik aurrera, Social Antzokian, MAZ Basaurik Moonshine Wagon Gasteizko folk, hillbilly eta bluegrass hirukotea eta La Maravillosa Orquesta del Alcohol Burgosko taldea hartuko ditu.

Bigarren asteburua

MAZ Basauri 2016ko bigarren asteburua maiatzaren 6an hasiko da, Social Antzokian, WAS taldearen disko berriaren aurkezpenarekin. Getxotarrek otsailaren 12an kaleratuko dute Gau Ama diskoa, baina dagoeneko entzungai daude "I Like You As You Are" eta "Upside Down" aurrerapen kantak. Gonbidatutako talde moduan, Yellow Big Machine bilbotarrak izango dira.

Maiatzaren 7an, MAZeko programazioa doako kaleko kontzertuek soilik egituratu dute. 13:00etan, Rubia taldeak, duo formatuan, Barman lan berria aurkeztuko du, 1960ko hamarkadako soul pop gozodun abesti sorta jasotzen dituena, eta 19:00etatik aurrera, jaialdi txiki bat izango da hiru talde bilbotarrekin: Grand Matter, Larry Bird eta Sonic Trash. DJ lanetan, Optigan1 izango da.

Sarrerak

Bosgarren edizioan, MAZ Basaurik prezio merkeen aldeko apustua egingo du, Social Antzokiko kontzertuak ikusteko sarrerak (10 euro gehi gastuak, aurretik erosiz gero, eta 12 euro, bertan; eta 25 euro gehi gastuak, hiru gauetarako bonua) eta antzokiko barrako edariak merke jarrita. Sarrerak otsailaren 11n, 12:00etan, jarriko dira salgai.

Halaber, aurrerago ZineMAZ ekimenaren programazioa jakinaraziko da. Aurten ere, musikarekin lotutako kalitatezko filmak izango dira bertan ikusgai.

bertan ikusgai.