Albisteak

Egitaraua

Igandean iritsiko da Ibilaldia Durangora, musikaz blai

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Hesian, 2ZIO, Azken Aukera eta Idoia Bediaga arituko dira kontzertuan, igandean, Durangon, baita bertako zenbait musika talde ere.

Igande honetan hartuko du Durangok Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen aldeko festa. Bost gunetan banatuta, adin guztietako euskaltzaleei zuzendutako jarduerak antolatuko dituzte egun horretan, Bizkaiko aipatu udalerrian.

Lehenengo gunean (Eraiki dagigun!), tailerrak, Flash Mov erraldoia, Ibilaldiaren koreografia eta hasierako ekitaldia egingo dituzte. Gainera, hainbat kontzertu egongo dira; bazkalostean, gehienak. Hain zuzen ere, besteak beste, 2ZIO eta Idoia Bediaga igoko dira oholtzara.

Bigarren guneak (Jolastu dagigun!) kirolak eta Kohatu, Vinagre de Moderna eta Yoko Out taldeen zuzenekoak hartuko ditu, eta eguneko emanaldi garrantzitsuena. Izan ere, 17:30etik aurrera, Hesianen musikaz gozatuko dute hara gerturatzen direnek.

Hirugarren gunean (Sortu dagigun!), erromeria nagusituko da, baina tailerrek eta Hodei magoak ere izango dute bertan tokia.

Bertsolaritzak ere ez du hutsik egingo Durangon. Laugarren gunean (Hezi dagigun!) arituko dira aurten bertsolariak, eta "Oholtza zapaldu dagigun!" ikuskizuna eta Azken Aukera taldearen musika izango dira gune horretan jaun eta jabe.

Bukatzeko, etxeko txikienei zuzendutako gunea (Dastatu dagigun!) atonduko dute Kurutziaga Ikastolan.

Eguraldiaren aurreikuspena:

Euskalmeten aurreikuspenaren arabera, iganderako giro nahasia eta tenperaturak beherantz egitea espero da. Goizean hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira, baina eguerditik aurrera ipar-mendebaldeko haizearekin hodeiak ugaritu eta zaparradak bota ditzake. Eguneko tenperatura altuenak 18-20 ºC artean geldituko dira.

 

Igandean, denok Durangora!

ibilaldia 2016 ibilbideaibilaldia egitaraua